Aramaioko Udala: "Biomasaren gaineko jardunaldi teknikoak oso harrera ona izan zuen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urt. 15a, 14:43
HAZIko Iñaki Gerenabarrenaren interbentzioa atzoko saioan.

Aramaioko Udalak antolatuta eta herritarrek eskatuta, biomasa proiekutaren gaineko jardunaldi teknikoa egin zuten atzo kultura etxean. Iñaki Gerenabarrena (HAZI), Sergio Lopez eta Iñaki Boveda (EEE) eta instalazioak egingo dituen enpresako Guillermo de la Puente aritu ziren berbetan. Bertako baso-baliabideak, energia-eskaria, proiektuaren bideragarritasuna eta instalazio-teknikak izan zituzten berbagai, besteak beste. Aretoa bete egin zen eta aramaioarrek zalantzak modu teknikoan argitzeko aukera izan zuten. 

Atzoko saioan 80 bat herritar bertaratu ziren, aretoa bete egin zen: "Atzokoa ikusita esan daiteke oso harrera ona izan zuela gaiak eta proiektuak interesa pizten duela", uste du Udaleko teknikari Jon Toñak. 

Atxikimendu kopuru minimoarekin, "guztiz bideragarria"

Parte hartu zuten erakundeei dagokienez, HAZI eta Euskal Energia Erakundeak Aramaioren –Ibarrari, proiektu honetaz ari garenean– gaineko aurkezpen orokorrak eta datuak eman zituzten. "Oso modu garbian" azaldu zutenez, proiektuak atxikimendu kopuru minimo bat lortzen baldin badu "guztiz bideragarria" da bertako egur baliabideekin herritarrek zein eraikin publikoek behar duten energia eskaria betetzea. 

Sarearen ezaugarriak

Proiektuak aurrera egitekotan instalakuntzak jarriko dituen enpresako ingeniariak, berriz, Aramaiorako bilatu duten soluzio teknikoa azaldu zuen. Hau da, EEEk kalkulatutako datuetatik abiatuta, nolako instalazioa gauzatuko daitekeen azaldu zuen: ur-beroa banatzeko hodi sarearen ezaugarriak (isolamendua, etab.), galdara-gelaren ezaugarriak, bakoitzak bere etxebizitzan jarri beharreko instalazioaren ezaugarriak... Bestalde, galdara gelaren kokapenari buruz ere, soluzio tekniko eraginkorrena zein den ere azaldu zuen.

Herritarren kezkak

Herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten. Esate baterako, galdara gelatik sortuko den kea izan zen bat: "Erantzuna argia bezain zuzena izan zen: erregai fosilen konbustioan prozesuan sortzen den kea, erregai biologikoa erretzerakoan –egurra, kasu honetan– sortzen den kea baino askoz ere kutsakorragoa da. Hau da, kea sortu, sortzen da, baino ingurumen aldetik, sortzen den kaltea oso ezberdina da. Hots, askoz ere kaltegarriagoa da erregai fosilek sortzen dutena. 

Bestalde, zerbitzuan aldaketarik izango zen ere galdetu zuten: "Zerbitzuaren aldetik, ez da aldaketarik egongo, hau da, partikularrak orain arte bezala jasoko dute ur beroaren eta berogailuaren zerbitzua". 

Balorazio "oso positiboa"

Balorazioa, beraz, "oso positiboa" da: "Eusko Jaurlaritzako bi erakundeek proiektuarekiko babesa azaldu dute, eta ingeniaritza enpresak, teknikoki bideragarria dela argi utzi du, aipatutako baldintzak bete ezkero, noski. Hau da, atxikimendu kopuru minimo bat lortzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak