Urterokoek eta nobedadeek bat egingo dute Gabonetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 19a, 10:00
Olentzerok banan-banan hartuko ditu haurrak Sastiñan hilaren 24an.

Gabonak heltzear dira Aramaiora ere eta urtero moduan, Udalak adin guztiendako askotariko ekintzak antolatu ditu herriko hainbat kultura talde eta eragilerekin batera. Gabonetako egitarauaren barruko zenbait ekintza egin dira dagoeneko baina aste bukaera honetan hasiko dira ekintzarik aipagarrienak.

Domekan, mezaren ostean, Bizente Goikoetxea abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du –hilaren 23an Arrasaten abestuko dute, Musakolako Hiper Eroskin (18:00)–. 

Olentzeroren ohiko etorrera 

Abenduaren 24an etorriko da ikazkin maitatuena; menditik jaitsi eta frontoitik agertuko da Olentzero, 18:00ak aldera. Guraso elkarteak antolatu du harrera aurten ere; traktorean jaitsiko da Bizente Goikoetxea plazaraino, trikiti doinuek eta eskolako ikasleen argi-zuziek lagunduta. Amaieran, Sastiñan banan-banan hartuko ditu haurrak. Guraso elkartekoek 80 kilo gaztaina erreko dituzte plazan bertan.

Bestalde, hilaren 26rako antolatu dute Bertso Eskolakoek Gabonetako bertso saioa. Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Alaia Martin eta Xabi Igoa arituko dira bertsotan, Sabin Aranburuk eta Paula Amilburuk jarritako gaiei erantzuten: "Udalaren eta Bertso Eskolaren harreman ona baliatuz, saio txukun bat antolatu dugu. Guretako urteko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da, herrian oihartzun handiena izaten duena. Beraz, mimoz antolatzen dugu. Herritarrentzako puntako bertsolariak ikusteko aukeratzat dugu saioa", adierazi dute antolatzaileek. 

Gazte Asanbladaren erakusketa 

Abenduaren 26an ere, hain justu, beteko ditu hamar urte Gazte Asanbladak. Urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatu dute: Sastiñan ekitaldia egingo dute, "sorpresa" eta guzti (19:00). Sastiñan bertan hamar urteotako argazkiak jarriko dituzte ikusgai.

Gabonetako egitaraua

Abenduak 19-20

19:00 Argazki erakusketa Sastiñan, Alex Mendikuteren eskutik.

Abenduak 21

Meza ostean Bizente Goikoetxea abesbatzaren “Gabonetako kontzertua”, San Martin elizan.

Abenduak 22

12:00 Umeendako sukaldaritza tailerra erretiratuen lokalean. 

17:00 Gabonetako karaokea kiroldegian. 

Abenduak 23

12:00 Umeendako sukaldaritza tailerra erretiratuen lokalean.  

17:00 eta 18:30 Panpin panpox ipuin kontalaria; 2-6 urte artekoak eta 7 urtetik gorakoak. 

Abenduak 24

18:00 Olentzeroren etorrera.

Abenduak 26

12:00 Umeendako sukaldaritza tailerra erretiratuen lokalean. Izena eman behar da ludotekan abenduaren 19a baino lehen.  

17:00 Eriz magoa kultura etxean: Emozioen magia.

19:00 Gazte Asanbladak 10 urte: aurkezpen ekitaldia Sastiñan. 

22:30 Gabonetako bertso saioa kultura etxean.

Abenduak 30

09:15 Bilboko PINera. Itzulera, 18:00ak aldera. 

Urtarrilak 1

00:30 Topa goiko tabernetan, Gazte Asanbladak antolatuta. 

Goizean zehar Urteari ongi etorria emateko irteera Orixolera. 

Urtarrilak 2

12:00-14:00 eta 16.30-19:30: Umeendako jolas parkea kiroldegian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak