Espainia mailako jazz figura onenetarikoekin jo izan duten lau artista elkartu ziren emanaldirako: Jon Robles –saxofoia–, Jose Barrio –gitarra–, Gonzalo del Val –bateria– eta Marcelo Escrich –kontrabaxua– laukoteak eskaini zuen kontzertua.
Cole Porter edo Sonny Rollins jazzlarien abesti ezagun batzuk jo zituzten zuzenean, eta beste hainbat kantuz osatutako errepertorioa entzuten, bertaratu ziren herritarrak gustura egon ziren Gabonen atarian egindako jazz doinuen emanaldiarekin disfrutatzen.
Musikariak ere gustura
Laukotea ere oso gustura egon zen Sastiñan kontzertua ematen. Hauxe azaldu zuen Gonzalo del Val bateria joleak emanaldiaren hurrengo egunean: "Toki zoragarrian jo dugu, oso ondo zaindu gaituzte, gertuko ikus-entzuleak izan ditugu eta euren berotasuna igarri dugu kontzertuan. Oso polita izan da".
Asteburuko bira egin dute
Gaur egun taldeko partaide gehienak Bartzelonan bizi dira eta hainbat jazz talde eta proiektutan murgilduta daude. Duela denbora asko ezagutu ziren eta hainbat proiektutan hartu dute parte batera. Normalean ez bezala, baina, oraingoan laukote bezala elkartu dira Euskal Herrian zehar bira txiki bat emateko: egubakoitzean Bilbon jo zuten, zapatuan Aramaion eta domekan, berriz, Gasteizen izan ziren. Azken kontzertu horren ostean, Bartzelonara itzuliko dira.
Jazzlariak pozik zeuden egunotako kontzertuetan jasotako ikus-entzuleen berotasunarekin eta izan duten harrerarekin.