Aramaio, Udalbiltzaren Partzuergoan sartuko den Arabako lehen udalerria

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 13a, 11:00

Abenduko ohiko osoko bilkuran indarkeria matxistaren aurkako mozioa aho batez onartu zen.

Aramaio Arabako lehen udalerria izango da Udalbiltzako Partzuergoko Kontseilu Nagusiko kide egiten. Abenduko ohiko osoko bilkuran onartu zen erabakia, Bilduren eta Aramaioko Alkartasunaren aldeko botoekin (5) eta EAJren kontrakoarekin (1). Euskal Herriko 38 udalerri dira partzuergoko kide eta helburuen artean daude, besteak beste, elkartutako erakundeen osoko garapena eta euren arteko elkarlan instituzionala bultzatzea, elkarrekin batera lan eginez, lurralde-eremuko lurralde, gizarte eta kultur antolamendua lortzeko.

Bestalde, 2014ko aurrekontuaren kreditu aldaketarekin kiroldegiko aldagelak berritzea onartu zen, besteak beste, abenduaren 10eko bilkuran. Lanak hasita daude aldageletako baten eta urtea amaitu baino lehen bi aldagelak berrituko dira. 60.000 euro inguruko kostua suposatuko du obrak. Bigarren fase baten kiroldegiko gimnasioa egokitzea aurreikusten da, datorren urterako.  

Bestalde, eguneko arreta zentroa kudeatzeko zerbitzuaren esleipen prozedura ireki zen eta indarkeria matxista salatzeko mozioa aho batez onartu zen. 

EAJren eskaerak

Amaieran EAJko Iñaki Nafarratek hainbat galdera egin zituen. Esaterako, parkeko farolen gainen galdegin zuen: "Batzuk oso egoera txarrean daude, herdoilduta eta ustelduta, eta zinta isolatzaileaz forratuta. Istripuren bat izan arte itxaron behar dugu?". Jose Ramon Uribe zinegotziak kontuan hartuko dela erantzun zion.

Azken galdera moduan Hontza Extrem abentura parkea ekarri zuen gogora Nafarratek: "Nola da posible publizitatea egitea Koadrilako medio baten Aramaion dagoen enpresa batena bertako Udalaren aktibitate lizentziarik ez duena?". Parkea non legeztatu behar denaren gaineko eztabaidan sartuko ez dela esan zuen alkateak, eta hori "interes politikoak" dituen salaketa dela esan zuen bilkuran. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak