"Abesteari ikuspegi terapeutikoa eman gura diogu tailerrarekin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 12a, 10:00
Alaiak elkarteko zuzendaritza taldeko kideak.

Alaiak erretiratu elkartekoek ez dute aspertzeko astirik. Jardunaldiak, hitzaldiak eta beste hainbat ekintza antolatzen dituzte; bada, oraingoan tailer batekin datoz, Aramaion oso errotua dagoen ohitura bati "beste ikuspegi bat" eman guran: abesteko ikastaro bat. Bittor Kortabarriak eta Cristina Etxenausiak erantzun dituzte GOIENAren galderak, ohikoa duten prestutasunarekin.

Zergatik antolatu duzue abesten ikasteko tailerra?

Guk dakigunez, ia erretiratuen elkarte guztietan dago kantu-talde bat, beti dago talderen bat batzen dena abesteko helburuarekin. Hala ere, guk beste buelta bat eman gura diogu, ikuspegi terapeutiko bat eman. Jakin badakigu-eta kantuan egiteak berak aldartea hobetzen duela.   

Nori dago zuzenduta?

Abestea edo zerbait ezberdina egin gura duen edonori dago zuzenduta. Ez da behar ahots onik, ezta musikaren gaineko ezagutzarik ere. Sekula abestu ez dutenek ere irekita dituzte ateak. Ikasteko eta gozatzeko gogoak behar dira, besterik ez. 

Nor izango da irakaslea?

Larraitz Arriolabengoarekin jarri ginen harremanetan eta berehala ulertu zuen zer zen gura genuena. Gainera, halako ikastaroak emandakoa da Larraitz; beraz, irakasle ona izango dugu. 

Noiz ekingo diozue ikastaroari?

Abenduan zehar ari gara ekimenaren berri ematen; laster bidaliko diegu informazioa bazkide guztiei eta kartelak jarriko ditugu ohiko lekuetan. Alaiak-en egoitzan elkartuko gara, hilean bi egubakoitzean, 10:00etatik 11:00etara. Izena emateko honako bi telefonoetara deitu behar da: 675 008 821 (Bittor) eta 605 720 531 (Cristina). Egoitzako iragarki-taulan ere egongo da aukera izena emateko. Urtarrilaren 16an hasiko da eta ikasleek lau euro ordaindu beharko dute hilean; prezio sinbolikoa da, irakasle kualifikatu bat izango dugu-eta. Ordaindu behar den gainerakoa finantzatzeko diru-laguntzen bila ari gara. 

Uste duzue herritarrek izena emango dutela?

Ideia horrekin antolatu dugu ikastaroa eta ilusiorik ez zaigu falta. Uste dugu izena ematen dutenei ondo egingo diela eta horregatik animatu gura ditugu izena ematera. Gutxienez proba dezatela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak