Genero indarkeriari aurre egiteko hainbat ekintza antolatu dira Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko aza. 21a, 08:30

Azaroaren 25eko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunera begira hainbat ekintza antolatu dituzte Udalak, Itur-Zuri Emakumeen Kultur Elkarteak, Alaiak erretiratu elkarteak eta Gazte Asanbladak. Azken urteetan puntu morea banatu izan du Udalak –baita udaletxean modu ikusgarrian jarri ere– eta azaroaren 25ean egin izan den elkarretaratzean jende asko elkartu izan da. Aurten, baina, beste buelta eman gura izan diote aldarrikapenari. 

Aurtengo nobedadeetako bat da domeka honetako ekintza. Ibarran 40 bat emakume aritu dira iraila ezkero artilezko artelanak egiten, gero horiekin kultura etxe aurreko parkeko zuhaitzak forratzeko. Artelanak amaitu dituzte dagoeneko eta orain zuhaitzetan jartzea falta da bakarrik. Oletan ere gauza bera egingo dute. Bederatzi zuhaitz forratuko dituzte guztira.

Udala, "oso pozik"

Udala "oso pozik" dago ekimen horrek izan duen erantzunarekin: "Genero indarkeriaren salaketa modu orijinal baten bistaratzeko balio izango du", diote. Zuhaitzak forratu ostean Bizente Goikoetxea plazan elkarretaratzea egingo dute. Baina ez da hori aste bukaera honetako ekintza bakarra izango: herriko gazteek ere bat egin dute aldarrikapenarekin, eta genero indarkeria salatzeko mural bat margotuko dute bihar, zapatua.

Egitarauarekin amaitzeko, beste nobedade bat izango da hilaren 29ko autodefentsa feminista tailerra. Aurretik eman beharko da izena, azaroaren 26 baino lehen, Añai edo Eki tabernetan. Tailerrak bi zati izango ditu: 10:00etatik 12:00etara arlo psikologikoa landuko dute eta ondoren teknika fisikoak ikasiko dituzte. 30 lagunendako lekua egongo da.

Egitaraua 

Hilak 22, zapatua

Goizean zehar Gazte lokalekoek eta Gazte Asanbladakoek mural bat margotuko dute.

22:00 Piedras filma kultura etxean. 16 urtetik gorakoendako.

Hilak 23, domeka

10:30 Herriko emakumeek Ibarran eta Oletan zuhaitzak artilez forratuko dituzte.

13:00 Elkarretaratzea Bizente Goikoetxea plazan.

Hilak 29, egubakoitza

10:00-14:30 Autodefentsa feminista tailerra eskolako gimnasioan. Izena eman behar da azaroaren 26a baino lehen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak