Hortaz, elikaduraz gehiago jakiteko aprobetxatu dute herritarrek: "Gaiak interesa piztu duela ikusi da. Izan ere, ekitaldietan jendeak parte hartu du eta galdera zen ekarpenen bidez parte-hartzea ugaria izan da", adierazi dute Aramailur taldekoek. Antolatzaileak pozik daude ekitaldiek izan duten harrerarekin.
Azaroaren 6an Gure lurra, gure etorkizuna erakusketa ireki zuten Sastiñan eta hilaren 11ra arte egon zen zabalik. Gainera, hilaren 10ean Bide Berriak dokumentala ikusteko aukera ere egon zen: "Erakusketak eta dokumentalak gure sukaldeetara iristen diren elikagaiak nola ekoizten diren, zer nolako baldintzetan, lurraren erabilera nolakoa den eta ekoizleen pobrezia agerian utzi dituzte, besteak beste. Batez beste, ahoratzen ditugun janariek 4.000 kilometroko bidea egiten dituzte. Munduan lurra lantzen duten nekazari gehienak emakumeak dira eta eurak dira pobrezia gehien sufritzen dutenak".
'Via campesinaren' bidetik
Via Campesina delako proiektua ere nabarmendu dute ekitaldien antolatzaileek: "Euskal Herrian ehunka esperientzia daude norabide horretan lanean dihardutenak, bertan bizi garenok behar ditugun elikagaiak ahalik eta neurri handienean bertan ekoiztuak izan daitezen. Helburua da ahalik eta baldintza duinenak lortzea denondako".
Amaitzeko, Amaia Diaz de Monasteriogurenek hitzaldia eskaini zuen hilaren 13an. Sastiña bete egin zen dietista oñatiarraren saioa ikusteko; bertako produktuek eta sasoian sasoikoa jatearen garrantzia nabarmendu zuen. Haren liburu eta errezetak irakurri ahalko dira datozen egunotan ekonomatuan.