Trikitilariak kale bazterrak alaitu dituzte eta dantzan ere aritu dira bat baino gehiago, erdiko kaleko goialdean dauden taberna parean, esaterako. Elkarteetan salda eta ogitartekoak eskaini dituzte eta urteroko azoka ere egon da, gainera.
Hasi San Martin eliza paretik eta ia kiroldegiraino, era guztietako produktuak eskaintzen zituzten postuak egon dira, horien artean: gazta saltzaileak, bitxigileak, zumitzezko saskiak egin eta saltzen zituen gizon bat, artilezko jantziak zituzten artisauak, perretxiko erakusketa bat eta onddoak eta trufak saltzen zituen gizon bat, adibidez.
Baita Aramaioko babak, piperrak eta kalabazak saltzen zituzten baserritarrak ere. "Ortuan dudan dena ekarri dut. Jende asko etorri da eta saldu ere ondo saldu da", adierazi du Anjel Padilla baserritar aramaioarrak. Animaliak ere bazeuden, baita talogileak eta Gure Esku Dago ekimeneko eta Fracking Ez taldeko kideak ere.
Erretiratuek bestalde, kiroldegian bazkaldu dute, oparien zozketa eta guzti. 111k zuten izena emanda.