Gero eta produktu zein bazkide gehiago ditu Aramailur taldearen ekonomatuak

Ekonomatoa kanpotik ikusita, hiltegi zaharra zenaren beheko solairuan.

Pasatu dira lau urte Aramailur kontsumo taldeko kideak martitzen arratsaldetan udaletxeko arkupetan biltzen zirenetik. Taldea handitzen joan da gutxika eta kontsumo taldeak 2013an jarri zuen martxan ekonomatua, hiltegi zaharra zenaren beheko solairuan. Dagoeneko badira 85 bazkide: "Nobedade handirik gabe aurrera goaz, txukun. Pixkanaka ari gara produktu berriak sartzen eta bazkide kopuru polita dugu", uste du taldeko bazkide Irati Muxikak.

Bazkideen artean aramaioarra da gehiengo zabala, baina arrasatearren bat ere badago: "Gure estatutuetan jasota dago lehentasuna aramaioarrek izango dutela, baldin eta arazoren bat sortzen bada. Oraingoz, baina, ez dago arazorik genero faltagatik-edo. Gura duenari irekita jarraitzen du", dio Muxikak.  

Ekonomatoa astean bi egunetan egoten da zabalik: martitzen arratsaldetan 17:00etatik 20:30era, eta zapatu goizetan 11:00etatik  13:00etara. 

Hasierako kuota, 20 eurokoa

Eskaintza zabala da oso, bertako zein kanpoko sasoiko produktuekin: marmeladak, sagar-zukua, sagardoa, arrautzak, eztia, gazta, esnea, txorizoak, moxal-haragia... Kanpotik ere denetarik ekartzen dute, beti ere kontsumo arduratsua bultzatuz: olioa, arroza, garbantzuak, dilistak, irina, ardoa, piperrak... Aramailur taldea helburu garbiekin jaio zen: "Baserritar, ekoizle eta kontsumitzaileen artean harreman zuzena bermatu gura dugu, konfiantza giroa sortuz eta parte-hartzea bultzatuz. Ekoizleen lana aitortu eta baloratzen dugu, eta etekin osoa eurei bideratzea da gure asmoa". 

Bazkide egiteko araimailurkt@gmail.com helbidera idatzi behar da eta hasierako kuota da 20 eurokoa. Baina bazkide ez direnek ere aukera dute ekonomatoan erosketak egiteko; egun bateko bazkide bihurtu beharko dira, euren erosketan euro bat gehiago ordainduz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.