Txirritola egunean: festa, euskara eta sagardoa

Irati Goitia 2014ko ira. 21a, 18:58

Sagardo eta talo artean ospatu dute Txirritola eguna, XI.enez. Helburua izaten da Txirritola elkartea bera ikusaraztea, bazkideak lortzea eta euskararen festa ospatzea.

Herriko sagardogileen sagardoa dastatzeko aukera egon da, beraz, eta urtero, herriko norbait arduratzen da txotx egiteaz. Aurten, Gema Arriolabengoa, Santi Elejalde eta Mikel Arantzabalek izan dute ohorea. Euren urtetako lana omendu nahi izan dute Txirritola elkartekoek. "Lan asko egiten dute egun hau aurrera ateratzeko –eurek egiten dute lan sukaldean– eta ez dute sekula hutsik egiten. Ezkutuan aritzen dira, eta honekin eskertu nahi izan diegu", adierazi du Olga Parra, Txirritola elkarteko presidenteak. Pozik hartu dute hirurek ere izendapena. "Ustekabea izan da, ez genuen horrelakorik espero. Pozik jaso dugu", esan du Arantzabalek.

Herrian errotuta dagoen jaia da eta jende asko erakartzen du. Ume zein heldu gustura izan ibili dira. Trikitilariek girotu zuten goiza eta bertso eskolako kideek abestu dute –Peru Abarretigi, Martin Abarrategi eta Aitor Ugarte–.

Euskararekin, "lasaitu"

Euskarari dagokionean, Parrak adierazi du lan asko dagoela egiteko oraindik: "Arabako herririk euskaldunena da Aramaio, baina jendea lasaitu egin da. Adibidez, umeek eskolan euskara erabiltzen dute, baina kalean gaztelaniarako joera dute".  Bestalde, elkartean gutxi direla ere badio eta baita euren ekintzetan herritar gutxik parte-hartzen dutela ere. "Horri buelta eman nahi diogu. Hala, estrategia berrien bila gabiltza", esan du. Hala ere, esperantza ere azaldu du: "Kanpotik datorren jendea arduratzen da. Saiatzen dira bai umeak eta baita eurak ere euskara hurbiltzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak