New Orleanseko doinuek Sastiña astindu dute

Jagoba Domingo 2014ko ira. 6a, 14:01

B3 Dixieland gasteiztarrak Sastiñan.

Udako oporrak amaituta, musika Sastiñara bueltan etorri zen egubakoitzean, eta ez edonola gainera. B3 Dixieland gasteiztarrak Aramaiora gerturatu ziren 20ko hamarkadako dixie musika berpiztera, New Orleanseko doinuak gurera ekarriz.

Beste batez, Sastiñako ermitatik Aramaioko Bizente Goikoetxea plaza gogotik alaitu zuen musikak; oraingoan saxo, tronboi, klarinete, banjo eta kontrabaxuaren oihartzunekin. Ohiturari eutsiz, hasieran hotz xamar hasi zen publikoa, baina errepertorioarekin aurrera jarraitu ahala eta musikariak berotzen hasi zirenean gozatu ederra hartu zuten bai lehenengoek baita bigarrenek ere.

Begoña Divar abeslari eta klarinete jotzaileak gidaturiko zazpikotea gogotsu aritu zen; esandako 20ko hamarkadako doinuak gurera ekartzen eta dotorezia eta estiloarekin jazz musikaren hastapeneko estandarrak propio egiten. Besteak beste, Joe Oliver, Spencer Williams edo Kid Ory maisuen ikasbideak jarraitzen dituzte gasteiztarrek eta egubakoitzean argi utzi zuten Gasteizeko Jazzaldian parte hartzearen arrazoia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak