Ospakizuna Uribarri auzoko ermita ondoko zelaietan izaten da eta bertako elkartearen sorrera ospatzen dute, Gure Aterpea elkartearena, hain zuzen. Marixeka baseliza, inguruetako zaharrenetarikoa, gerra garaian suntsitu zuten eta gerra ondoren Gure Aterpea elkarteko lagunek eliza berritu eta erromeria berreskuratu zuten. Duela 33 urte izan zen hori eta aurtengoa Marixekako 34. erromeria izango da; tradizio handiko festa denik ezin ukatu, beraz.
Tradizioa galtzen
Hala ere, urteen poderioz galtzen doan festa dela dio Gure Aterpea elkarteko bazkide Oier Kortabarriak: "Lehen, eguraldi ona egiten zuen urteetan, jendea goizeko lehen orduetan etortzen zen itzalean lekua izateko. Egun, berriz, eguerdian etorri ezkero ere lekua soberan egoten da". Gure Aterpea elkarteko bazkideek egun bat lehenago egiten dute urteko batzarra eta domekan bertan bazkaria egiten dute elkartean. Egun 50 bazkide dira.