Irailean hasiko dituzte Muru auzoko obrak

Ubane Madera 2014ko abu. 8a, 11:11

Muru auzoko hondakin urak saneatzeko eta auzorako sarbidea egokitzeko proiektua esleitu egin du Aramaioko udalbatzarrak. Premiazko bilkura deitu du horretarako, gaur goizean (egubakoitza) egin duena. Eta bertan onartutakoaren arabera, Excavaciones Arrasate enpresak egingo ditu obra horiek.

Ramon Ajuria alkateak emandako azalpenen arabera, 13 eskaintzaren artean aukeratu dute Excavaciones Arrasaterena, bigarren eskaintza onena, hain justu. Izan ere, berez eskaintza onena egin duen enpresa baja-temeraria egoeran dago, eta egoera justifikatzeko eskatu badiote ere, ez du horrela egin. Bai, ordea, Excavaciones Arrasatek, eta ondorioz, hari esleitu dizkio Aramaioko Udalak Muru auzoko obrak.

Irailetik abendura

Ajuriak esandakoaren arabera, gainera, obraren exekuzio epea ahal den gehiena jaitsi, eta hiru hilabetean bukatuko du; eta egindakoaren bermea, berriz, bost urtera arte luzatu du Excavaciones Arrasatek. Irailean hasiko dituzte lanak eta ondorioz, abendurako bukatu.

Aurrekontuari dagokionez, hori ere proiektuan aurreikusitakoa baino txikiagoa da: 290.946,46 euro, BEZa barne (309.878 eurokoa zen aurreikuspena, BEZ gabe, gainera). Edozelan ere, Aramaioko Udalak gutxi edo ia ezer ordaindu beharko du. Izan ere, osoko bilkuran Aramaioko idazkariak jakitera eman duenez, obra hori egiteko onartutako dirulaguntza handitu eta %80koa izan beharrean, Arabako Diputazioak %100ean ordainduko du, seguru aski.

EAJren abstentzioa

Obraren esleipena EAJko zinegotzi Nafarrateren abstentzioarekin onartu da. Hark esplikatutakoaren arabera, esleipenarekin ados egon arren, ez zaio egokia iruditu osoko bilkura deitzeko forma eta presa. Adierazi du, besteak beste, gaia ez dela dagokion batzordean landu.

Aspaldi egin beharreko obra

Ez da albiste berria Muru auzoko obrak beharrezkoak direla. Batez ere saneamendu lanak –ur zikinen eta euri uren sarea berritzea– eta auzorako errepidea egokitzea dira egin beharreko lan nagusiak. Errepideari dagokionez, auzotarrek salatu izan dute larrialdi kasuetan auzorako sarbidea oso zaila dela: "Anbulantziek ez dute hona etortzea nahi izaten eta behin sute bat gertatu zenean suhiltzaileek ezin izan zuten hemendik pasa errepidea oso estua delako". Dena ondo bidean, urtea amaitu baino lehen konponduko dira arazo horiek guztiak.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak