Murugainen urrats berriak ari dira ematen Ondare Babesa enpresako arkeologoak. Aurten hirugarren aldiz igo dira, Burdin Aroko harresi zatiak eta 36ko gerrak aztarnak aurkitzeko asmoz. Aurtengo berritasun nagusia da, Arabako partea ez ezik, Gipuzkoan ere ibili dira lanean, Murugain osotasunean ulertu gura izan dute aurten. Hiru indusketa eremu ireki dituzte, Arrasaten, Aretxabaletan eta Aramaion.
Bi ikerketa lerro
Aurreko urteetan irekitako ikerketa lerroei jarraipena eman diete aurten, Burdin Aroko harresiko zatiak eta 36ko gerrako aztarnak helburu hain zuzen: "Burdin Aroko harresiaren zati bat atera dugu argitara eta baita 36ko gerrako lubakiak ere. Arrasateko aldean irekitako zundaketan oso argi ikusten da lubakia eta Aretxabaletako aldean harresiarekin batera ikusi dugu gerran ere erabili zutela. Bala-zorro mordoa aurkitu ditugu, zorua bala-zorroz beteta zegoen. Gustura gaude aurtengo indusketekin; gure bi ikerketa lerroek beti elkar nahasten dira Murugainen eta bere aurkikuntzak ematen dituzte", azaldu du indusketen zuzendari Etor Telleriak.
Auzolana bereizgarri
Murugaingo proiektuaren bereizgarrietako bat da auzolana. Eguaztenean, esaterako, zortzi lagun elkartu ziren, aramaioarrak guztiak. Izan ere, indusketen zuzendariaren arabera, proiektua irekia izan da hasieratik. Herritarrarengandik ahalik eta gertuen egon gura dute, arkeologiaren mundua ere ezagutzera emateko: "Jendea gerturatzea gura dugu, ez bakarrik Murugain ezagutzera baizik eta arkeologia mundua ere ezagutzera. Auzolanerako deialdiek erantzun ona izan dute, atzoko [eguazteneko] indusketan ez genuen material larregi aurkitu, beti ez da zorte hori izaten. Hala ere, lan giroa ona izaten da eta jendea asko saiatzen da, pazientzia handia dute. Gustura ibiltzen gara".
Auzolanerako hurrengo deia biharko egin dute, hilak 26. Arkelogoak parte hartzera gonbidatu dute, eta hamaiketakoa egongo dela ziurtatu dute.
Uztailaren 31n amaitu, bisita gidatu batekin
Uztailaren 31ra arte egongo dira lanean eta azken egunean bisita gidatua egingo dute. Murugaingo aldi historikoa ulertzeko azalpenak emango dituzte. Etorkizunera begira finantzazioa izango da proiektua kolokan jartzen duen aldagaia. Izan ere, lana egon badago.