Ekintzei dagokienez, landa eremuan egindakoak nabarmendu ditu Muñoak; horren adibide da Gantzagako ortu ekologiko batera egindako irteera: "Hainbat umek ortua dute etxean, baina ekologikoa ez. Konturatu dira ezberdina dela eta asko ikasi dute". Horrez gain, txikienek brokoliak landatu zituzten. Bestalde, Ur eta Zikin Eguna ere "asko" gustatzen zaie umeei, udalekuetako arduradunaren arabera.
Azken festa ere, "oso ondo"
Martitzeneko azken festan munduko arraza ezberdinez mozorrotu ziren, taldeka. Ikuskizuna Bizente Goikoetxea plazan eskaini zuten eta "oso ondo" egon zen: "Oso denbora gutxi izaten dugu koreografiak prestatzeko eta ikusi da begiraleek lan handia egin dutela. Umeak gustura ibili dira eta baita ikusleak ere".
Espero baino lehenago amaitu zuten. Hala, askari handia parkean egin ostean, jolas librerako tartea ere izan zuten. Datorren urtera arte!