Sanmartinak Aramaion

Ska, reggae, rock eta trikiti doinuak izango dira San Martin jaietan

Mirari Altube Arrese 2014ko uzt. 4a, 08:00

Gaur Joselu Anaien erromeria jaiekin hasteko eta, txosnetan, Glaukoma. Bihar, Gose talde arrasatearra izango da plazan, 23:30ean, Bad Sound System taldeak lagun eginda.

Gaur, jaiak zabaltzeko, kontzertu bikoitza izango da gustu guztiak asetzeko. Joselu anaiek erromeria giroa sortuko dute plazan, 23:00etan, eta gura beste dantza egiteko aukera izango dute herritarrek.
Txosnetan, 23:30ean, ostera, doinu biziagoak izango dira hiru talderen eskutik: Arrasateko AMD; Tolosa, Ibarra eta Villabonako gazteek osatutako Dolce Tangana; eta Tolosako Glaukoma. Ska, reggae eta rap doinuak izango dira nagusi, rockarekin batera. Eta txosnak ere dantzan egiteko gune bilakatuko dira.

Ines Osinagaren trikitia

Bihar, ostera, Bihotzatarrak txarangak alaituko ditu herriko bazterrak eguerdi partean, 12:30ean; eta arratsaldean erromeria izango da plazan, Gau Alai taldearekin. Aurten, lehenengoz, bi zatitan egingo dute erromeria: 18:00etan eta 23:00etan.
Kontzertu nagusia, baina, Gosek eskainiko du. Herbehereetako Tilburg hirian egon berri da, Festival Mundial jaialdian, eta bihar Bizente Goikoetxea plazan izango da, 23:30ean. Ines Osinagaren trikiti doinuak oinarri dituzten kantu biziak ekarriko dituzte, betiko moduan, ironiaz betetako letrekin osatuta. Apirilean Gose & The Family izenarekin kaleratutako Bonberenea sessions DVDan jasotako kantuak eskainiko dituzte –horien artean, Hil da Europa–, eta tartekatuko dituzte dagoeneko oso ezagunak diren beste askorekin: Hey boy! eta Lokartu arte, besteak beste.
Horien aurretik Irungo Mosku auzoan jaiotako Bad Sound System kolektiboaren ekitaldia izango da. Dagoeneko hamar urte pasatu dira Buiaka lehen diskoa kaleratu zutenetik, baina betiko doinuekin etorriko dira: reggaea, hip-hopa, ska elektronikoa…

Afrikako doinuak eta DJa

Domekan dantza-plaza eskainiko du Saltoka taldeak, 20:00etan, plazan; hau da, gidatutako euskal dantzen saioa. Eta astelehenean, hilak 7, hiru ekitaldi guztiz ezberdinak izango dira: batetik, Arrasate Musikaleko musikarien emanaldia kultura etxean, 19:00etan; bestetik, Tamsa Afrikan Samba perkusio taldearen saioa, 21:30ean, herri afaria Afrikako doinuekin girotzeko; eta jaiak agurtzeko, Mikel (Sustrai doinuak) DJaren emanaldia, 01:00etan, txosnetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak