Naked Blues-ek itxiko ditu gaur Sastiñako egubakoitzak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 27a, 10:27

Alejandro Mingot eta Jaime Alvarellos, Naked Blues.

Sastiñako egubakoitz musikatuak gaur agurtuko dira irailera arte. Ekaineko lehen bi aste bukaeretan kontzertuak egon ostean –hirugarrenean Lagunartea dantza taldearen erakustaldia izan zen protagonista–, gaur (20:00) itxiko da hilabeteko zikloa.

Ordu eta laurden inguru iraungo du kontzertuak: "Publikoarekin lortzen dugun feedback-aren arabera, gehiago luzatu daiteke...", iradoki du taldeko kide Jaime Alvarellosek. Kontzertu lasaia izango da, batez ere formatu akustikoan delako. Hala ere, kantu mugituak ere izango ditu dantzatu gura duenarendako. Bertsioak izango dira nagusi, Robert Johnson, Muddy Waters, Big Bill Broonzy, Howlin' Wolf, Son House edo Brownie McGhee moduko artistak dira taldearen eragin nagusiak. Lehen aldia izango da Aramaiora datozena.

Eskarmentu handia

Jazzaren munduan eskarmentu handia duten Jaime Alvarellos –gitarra eta ahotsa– eta Alejandro Mingotek –dobro eta gitarra– osatzen dute musika beltza tradizionala oinarri duen bikote akustikoa. Musikenen, Euskal Herriko Musika Ikastegian, ezagutu zuten elkar.

Ikasketak bukatuta, irakasle lanetan hasi zen Mingote Musikenen, eta, besteak beste, Alvarellosi eman zizkion eskolak. Ordutik noizbehinkako harremana izan zuten, hainbat jam sesiotan elkarrekin parte hartuta, esaterako. Hala ere, duela urte eta erdi inguru egindako Iruñeko Animal Blues jaialdian erabaki zuten bereziki bluesa oinarri duen Naked Blues sortzea.

Bluesa du oinarri, baina beste zenbait estilo ere lantzen dituzte: "Aspaldiko musika beltza dugu ardatz. Jazza, swinga edo soula ere lantzen dugu baina hain dira estilo bertsuak, muga jartzea oso zaila izaten dela", adierazi du Alvarellosek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak