Uztailaren 9tik 22ra ospatuko dira –bi egunak barne– eta ekintzak goizez egingo dira nagusiki, 09:00etatik 13:00etara. Izena eman duten umeak zaindu eta hezteko bederatzi begirale arituko dira lanean. Begirale guztiak dira aramaioarrak –izena ematerako orduan lehentasunetako bat zen– eta horietatik bost iaz ere aritu ziren. Beraz, lau begirale berri izango dira aurten.
Ondo pasatzeaz gain, ikasi
Udalekuetan parte hartuko duten umeak –eta begiraleak– ez dira aspertuko, hiru astetan zehar denetariko ekintzak egingo dituzte-eta. Besteak beste, Gantzaga auzoan ortu ekologiko bat bisitatuko dute; ondo pasatzeaz gain, udalekuen helburua ere badelako gauza berriak ikastea. Eta noski, urtero egiten den Otxandioko igerilekurako bisitak ez du hutsik egingo.
Bestalde, Zuiako Koadrilako Euskararen Eguna Aramaion ospatuko da aurten, uztailaren 17an. Oso egun polita izaten da; ondo pasatzeaz aparte, inguruko herrietako umeak ezagutzeko aukera izango dute.