Montesen eskaerak jasotzen duenez, Aramaio da Arabako herririk euskaldunena –%85,6eko euskaldun tasa zuen 2001ean– eta ordezko medikua elebiduna izateko "beharra" dago: "Osakidetza herritarren alderik pertsonalenari lotzen zaio, osasunari, eta honek hurbiltasuna eskatzen du derrigorrez. Erabiltzailearekiko komunikazioa ezinbestekoa da eta hortaz, zerbitzua euskaraz eskaini behar zaio, ahoz eta idatziz, pazientea euskalduna bada edo euskaraz nahi badu", dio Montesek.
Eta honakoa ere gaineratzen du: "Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta kalitatea helburu izanik, Aramaion ordezko medikua elebiduna izan behar da". Iaz e-postaz egin zuen eskaera: "Ez zidaten jaramonik egin", adierazi du.
Aitor Montes aitzindari
Montes ekainaren 28tik uztailaren 14ra eta abuztuko azken hiru asteetan egongo da oporretan eta bost aste horietan Garazi Hidalgo izango da ordezko medikua; EGA titulua dauka.
Ez dira berriak osasungintzan euskara errespetatzeko egin izan diren eskaerak. Nagusiki udalek eta euskara elkarteek egin izan dituzte eskaerok, baina oraingoan Aitor Montes herriko familia medikua bera izan da ekimena abiarazi duena; ondoren batu zaizkie Udala, Txirritola eta Uema. Izan ere, joan den egubakoitzean prentsa agerraldia egin zuten hiru erakunde horietako kideek, beste herritar batzuekin batera. Montesen zalantza da datorren urtean eskaera errepikatu beharko duen. Horren aurretik, aldaketa dela-eta, Osakidetzara esker ona adierazteko eskutitz bat bidaltzeko asmoa duela aurreratu du.