Gasteizko Jam Pak in Purple taldeak zabalduko du aurtengo egitaraua, 20:00etan.
Ekainean eta irailean
Kultura eskaintza areagotzeko asmoaz sortu zuten 2010ean Sastiñako jaialdia. "Sekulako harrera izan du lehenengo urtetik eta, harez gero, antolatzen jarraitu dugu bi zatitan banatutako jaialdia; ekaineko eta iraileko egubakoitzetan, 20:00etan dira kontzertu guztiak. Polita da askotariko herritarrak elkarrekin musikaz gozatzen ikustea. Leku pribilegiatua da horretarako, Sastiña" azaldu du Itxaso Aspiazuk, Aramaioko kultura teknikariak.
Ordutegiari eta publiko zabalari ondo egokitzen zaien askotariko estiloko formatu txikiko taldeak gonbidatzen dituzte. "Aurtengoa, Gasteizko XabiGune Kultur Music elkartearen laguntzarekin osatu dugu. Askorentzako ezezagunak diren taldeak diren arren, maila handiko musikari profesionalak dira guztiak. Aukeraketa egiterakoan, musika lasaiaren aldeko apustua egiten dugu" esan du Aspiazuk.
Herriko taldeei ere, aukera
Asko dira herrian dauden kultura taldeak eta horiei lekua egiten saiatzen da Udala; iaz Papargorri abesbatza izan zen eta, aurten, Lagun artean dantza taldeak egingo du saioa. "Herrian talde asko daude, baina ez dira guztiak ondo egokitzen jaialdiaren ezaugarrietara. Dantza taldearen proposamena jasota, egoki ikusi genuen, ekainaren 20rako gidatutako dantza saioa egitea." gaineratu du antolatzaileak.
Ekaineko egubakoitzetan izango diren musika taldeak
- Jam Pak in Purple: Jazz, soul, bossa eta blues doinuak jorratzen dituen Gasteizko taldea da. 2009. urtean eman zituzten lehenengo urratsak, Gasteizko Luis Aramburu Musika Eskolaren Combo saioetan. Ikasgelatatik taberna eta areto txikietara egin zuten ondoren salto eta orain bi urte Sastiñako jaialdian izan zuten esperientzia ona errepikatzera datoz, gaur. Askotariko taldetan ibilitako kideek osatzen dute eta bakoitzaren ibilbidea ezberdina den arren, Jam Pak in Purple taldean aurkitu dute, bat-bateko musika sorkuntza landuz, askotariko musika tresnekin doinu eta melodien topagunea. Gaur, egubakoitza, 20:00etan.
- The Icer Company: Iker Zia, Arima Sutan taldeko abeslari oiharen proiektu pertsonala da honakoa. Garai zail bat bizi ondoren, etxean grabatutako formatu akustikoko kantuen bilduma osatu zuen. Grabaketa horiek, gertuko musikari eta lagun batzuen esku eta belarrietara heldu ziren gero, Kerobia, Arima Sutan eta Soñadores taldeko kide ohiengana, hain zuzen ere. Ziaren kantuak gustuko zituztela-eta, berriz grabatu zituzten eta beste kantu batzuekin batera osatu zuten La expedición a las aguas abisales lana. Adituen esanetan, folk-pop estiloko bidaia zaindua, ederra eta barnerakoia da. Ekainaren 13an, egubakoitza, 20.00etan.
- Naked Blues: Jazzaren esparruan eskarmentua duten Jaime Alvarellos (gitarra eta ahotsa) eta Alejandro Mingotek (dobro eta gitarra) osatzen dute musika beltza tradizionala oinarri duen bikote akustikoa. Musikene, Euskal Herriko Musika Ikastegian ezagutu zuten elkar. Ikasketak bukatuta irakasle lanetan hasi zen Mingote Musikenen, eta, besteak beste, Alvarellosi eman zizkion eskolak. Harez gero, noizbehinkako harremana izan zuten, hainbat jam sesiotan elkarrekin parte hartuta; iazko Iruñeko Animal Blues jaialdian erabaki zuten, bereziki bluesa oinarri duen Naked Blues sortzea. Ekainaren 27an, egubakoitza, 20:00etan.