40 lagun inguru elkartu ziren Andra Mari ermitan, bertan prestatutako entsalada eta paella jateko. Bazkalostean, jolas erotikoak egin zituzten: Passporn, hitzen jolasa, bikotekako jakien jolasa gero, eta posturen lehiaketa izan zen hirugarren froga. "Giro polita sortu zen, betiko moduan, batzuk jolasean eta beste batzuk horiei barrez begira" kontatu du Jone Arriolabengoak, asanbladako kideak.
Musika, jaialdiaren ardatz
Urtero moduan, kontzertuak izan ziren egitarauaren ardatz. Kraussk taldearen heavy doinuek ekin zuten zapatukoa. Zuzeneko indartsua egin zuten eta itxura batetan, eszenatokia txiki geratu zitzaion abeslariari, tabernaren barra gainera igota ere egin zuen-eta kantuan. Eskean Kristo taldearen rock-and-rollak hartu zuen lekukoa eta folk doinuak nagusitu ziren ondoren ermitan, Bide-lapurrak eta Bertso tabern taldeen eskutik. Oñatiko Ez! taldekoak ere jotzekoak baziren ere, ez zuten bertaratzerik izan. Goizaldeko 2ak pasa amaitu zuten asanbladakoek ermitako jaia.