Ekainak 8a iristeko aste gutxi falta diren arren, Aramaion hasi dira lehen "beroketa ariketak" egiten. Gaurkoan gogoak piztu eta herria girotzeko, festa antolatu dute plazan. Saiheskia, musika, bertsoak... herriko talde gehienek lagundu dute, eta nola ez, aramaioarrek ez dute huts egin.
Zazpiak bueltan iritsi dira lehen aramaioarrak plazara festarekin bat egiteko asmoz, eta nola ez, giza katearen inguruko ekimen honekin bat egitera. Saiheski pintxoa eta edatekoa erosi eta gero, bertsolariak lehenbizi, Maria eta Manex bikotea ondoren, eta amaitzeko Sustrai taldeak ongi baino hobeto girotu dute arratsaldea.
Laugarren autobusaren bila
"Irurtzunera joan behar izate horrek jendea animatu egin duela esango nuke", aipatu du Manex Agirrek. Duela pare bat aste hasi ziren autobus txartelak saltzen eta dagoeneko hiru autobus bete dituzte. "Ea gaur laugarrena betetzea lortzen dugun", dio herritar batek. Ez da erronka erraza, baina Gure Esku Dago dinamikako kideak itxaropentsu daude, "horrelako herri batean 200 pertsona lortu izana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula".