Gaur bi ekintza aipagarri egingo dituzte: batetik, joan den egubakoitzean arazo pertsonalengatik atzeratu zuten ogi ekologikoa egiteko tailerra egingo dute Azkoagako abade-etxean. Divina eta Rakel Arriolabengoak gidatuko dute saioa: "Etxe azpian egiten dute ogia, bailaran nahiko ezaguna da. Ogia norberak egiteko aukera egongo da; euren teknika ikasi eta praktikan jarriko dugu", diote antolatzaileek. Era berean, Xabier Herrartek baserriko konpostaren gaineko saioa gidatuko du Sastiñan, 19:00etan hasita.
Azokan, denetarik
Bihar, astea borobiltzeko, azoka egingo dute Bizente Goikoetxea plazan, 11:00etatik 14:00etara. Azokan, denetarik dastatu, ikusi erosi eta trukatzeko aukera egongo da. Bertako produktuen zerrenda luzea da oso: sagardoa eta sagar-zukua, esnekiak, ogi ekologikoa, moxal haragia, ardi eta behi gazta, sendabelarrak, herriko txoko interesgarrien mapa... Euskal Herri hainbat txokotatik ere ekarriko dituzte produktuak: ardoa, pasta eta bestelako zenbait produktu ekologiko.
Arropa trukatzeko postua eta haurrendako txokoa ere egongo dira. Parte hartzaileen artean otzara bat ere zozketatuko dute. Era berean, Udalak jakinarazi duenez, azokak irauten duen tartean plazara ezingo da autorik sartu.
Orain artekoaz pozik
Orain arteko ekintzetan ez du jende askorik parte hartu, baina, hala ere, pozik daude antolatzaileak. Informazio gehiagorako, hemen klikatu.