Ander Fernandez: "Jokatzen eta golak egiten ari naiz Eibarren, oso gustura"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko api. 4a, 08:30

Ander Fernandez Eibarko aurrelaria Aramaioko Bizente Goikoetxea plazan.
Futbolari moduan orain arteko boladarik onenean dago Ander Fernandez (Aramaio, 1995). Urte hasieran Eibarren hasi zen UDAk utzita; Ohorezko Mailan lehiatzen da egun, Estatuko maila gorenean. Hasieratik jokatzen eta golak egiten ari da, eta hori gutxi balitz, lehen taldearekin –Bigarren Mailako liderrarekin– ere entrenatu du dagoeneko. Orain futbolaren langarik zailena du aurrean, eta ziur zeresana emango duela.

Hasteko, noiz eta non hasi zinen federatu moduan jokatzen?
Mondran bi urte egin nituen eta gero Aretxabaletara joan nintzen. Denboraldi hau ere UDAn hasi nuen, Alberto Albistegirekin.

Nola jaso zenuen Eibarren deia?
Bergaran Gabonetan jokatutako txapelketa baten Eibar izan genuen aurkari. Eurak ligan gaizki ari ziren orduan eta entrenatzaile berriaren lehen partidua izan zen Bergarakoa. Partidu ona egin nuen eta orduan, antza, begiz jo ninduen entrenatzaile berriak.

Bigarren taldean ari zara, Estatuko gazteen arteko mailarik gorenean.
Bai, hala da. Oso maila altua da, baina gazte mailaz harago Eibarrek lehen taldea bakarrik izatea arazo bat niretako. Nire azken urtea da gazte mailan eta datorren urtean profesionaletara salto egitea oso zaila dago, ia ezinezkoa dela esango nuke. Hirugarren Mailan taldea izan ezkero ederra litzateke niretako, egokitzen joateko. Beste aukera bat UDA Hirugarren Mailara igotzea edo Eibarrek fitxatu eta utzita Hirugarren Mailan dagoen beste talde batera joatea. Ikusiko da.

Nola egokitu zara talde berrira?
UDAn aurrean jokatzen nuen, edozein hegaletan. Eibarren, berriz, erdiko aurrelaria naiz. Espero baino hobeto nabil, minutu askorekin eta golak egiten. Aurrelariak gola du beti buruan eta dagoeneko lau sartu ditut. Era berean, taldean integratzea erraza izan da, oso gustura nabil. Arrasateko beste bi lagun ere taldean daude eta horrek asko animatu ninduen. Gainera, orain klasean ordu gutxi ditudanez ez dut inongo arazorik astelehenetik egubakoitzera lau aldiz entrenatzeko.

Heldu zinenean jaitsiera postuetan zegoen taldea. Orain hobeto, ala?
Bai. Ni hasi nintzenean jaitsiera postuetatik irteteko zortzi puntura geunden eta orain bost puntura daude postu horiek. Bolada oso onean gaude, bai horixe.

Zerikusirik izango duzu zuk...
Ez pentsa... UDA utzi nuenean orduan hasi ziren dinamika onean; kasualitatea dela esango nuke.

Bigarren Mailako liderra den lehen taldearekin entrenatu duzu dagoeneko. Nolako esperientzia da?
Hiru saio egin ditut. Oso esperientzia polita da, erritmoan igartzen da aldaketa handiena. Mikel Martija nire entrenatzaileak esan zidan; goizean entrenatzen dute eta ahal izan dudanean joan izan naiz. Aurrekoan, bajak zirela-eta, nire taldekide bat Gironara joan zen... Esperantza ez da galdu behar baina oso zaila da lehen taldean jokatzea. Lesio asko egon beharko lirateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak