Txema Abarrategi: "Herri batzuetako mugimendua ikusita, ezin gara atzean gelditu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 27a, 12:25

Txema Abarrategi Sastiñan, hilaren 21eko aurkezpenean.
Udaberrian sartu eta ordu gutxira aurkeztu zuen Aramaioko Gure Esku Dago lantaldeak erabakitzeko eskubidearen aldeko Sastiñako Adierazpena. Txema Abarrategik (Aramaio, 1963) egin zuen berba orduan eta gu harekin egon gara, herriko taldearen gainean gehiago jakiteko.

Zergatik sartu zinen Aramaioko Gure Esku Dago lantaldean?
Herriko lagun bat etorri zitzaidan duela hilabete eta erdi inguru, beste toki batzuetan mugimendua bizi-bizi zetorrela eta kontu hau Aramaion ere erein beharra zegoela esanez, merezi zuela. Batetik, ilusio pixka bat eta, bestetik, ezetzik esateko adore falta. Eta, ohartu orduko, hemen gabiltza. Gustura, konpainia onean eta lan giro ederrean.

Zenbat lagunek osatzen duzue taldea? Nola har daiteke parte?
Orain zortzi edo bederatzi lagun gabiltza, eta bakoitzak ahal duen neurrian hartzen du parte. Eguenero biltzen gara kultura etxean, 18:30ean. Parte hartzeko egin behar den bakarra da bileretako batera azaltzea; astetik astera sendotzen ari gara.

Zein balorazio egiten duzu martxoaren 21eko aurkezpenaz?
Aurreikuspenak bete ziren, baina aurretik lana egin genuelako. Komunikazioan asmatu genuen; kartel eta bestelakoez gain, ahoz ahokoan jarri genuen indarra, eta horrek ondo funtzionatu zuen. Jendea gustura geratu zen eta atera genuen argazkia pozgarria da, askotariko aramaioarrak agertzen garelako. Herriari "hemen gaude eta denon artean zerbait asmatuko dugu" esatea zen asmoa eta helburu hori aise bete zen. Erantzuna, ederra.

Nola adostu zenuten Sastiñako Udaberriko Adierazpena? Zenbat lagunek sinatu zuten?
Gure Esku Dago-ren bidea bailaran beste batzuk guk baino lehenago urratu dutenez, euren idatzian oinarritu gara. Esan dezagun Sastiñako Udaberriko Adierazpenak Aloña inguruko haizea duela. Ia 100 sinadura lortu ziren aurkezpenean; ernamuin horrekin, haziak loratu beharko du!

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen asmoak?
Nahiko genuke apiril eta maiatzean ekintza bana egitea. Hor gabiltza, oraindik ideiak bota eta pilatzen. Ez dugu ezer erabakita, baina ikusita beste herrietan ze mugimendu dagoen, ezin gara atzean gelditu.

Ekainaren 8ko giza katea ez da Aramaiotik pasatzen, ezta?
Ez. Aramaioarroi, Zuiako Kuadrillako gainontzekoekin batera, Irurtzunera joatea tokatu zaigu. Ari gara autobusak antolatzen.

Nola doa metroen salmenta?
Hasi berri gaude eta akaso salmentarako ekitaldiren bat antolatu beharko dugu. Apirilerako erronka markatu dugu: 100 herritar Irurtzunerako batzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak