Berdintasunaren bidean, sare sendoak sortzeko eta elkarlanerako deia egin dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 10a, 09:00

Itur-Zuri emakume elkartearen Emakume Astea, udalbatzaren adierazpen bateratua eta Berdintasun Planaren aurkezpena Aramaion Martxoaren 8aren bueltan.

Martxoaren 8aren bueltan askotariko ekintzak antolatu dira Aramaion. Batetik, Itur-Zuri emakume elkartearen Emakume Astea dago: joan den egubakoitzeko bingo afariarekin hasi zen astea eta eguaztenera arte, hilak 12, ia egunero antolatu dute zerbait.
Bi ekintza falta dira aste bereziarekin amaitzeko; batetik, bihar Criadas y señoras bideoa ikusteko aukera egongo da kultura etxean (19:00) eta ostean tertulia egingo dute proiekzioaren gainean. Bestetik, etzirako Aramaioko Sustrai taldearen kontzertua antolatu dute Sastiñan (19:00). Ondoren luncha egongo da.

Udalaren adierazpen bateratua

Bestalde, martxoaren 5eko ezohiko osoko bilkuran Euskal Herri feminista eraikitzeko konpromisoa izenburu duen adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzak. Aho batez onartu zen –Aramaioko Alkartasuna ez zen bilkuran egon–; adierazpenean jasotzen denez, honako konpromisoak hartu zituen udalbatzak: "Emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, Udal kudeaketan Berdintasun-ikuspuntua zutabe bezala hartuz eta emakumeen elkarte oro eta mugimendu feministarekiko harremanak indartuz".

"Ikus eta entzunezinak gara"

Adierazpenean jasotzen denez, "inboluzio itzela" sufritzen ari da emakumea: "Emakumeok subjektu politiko gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta sexuen arteko berdintasunaren krisia ere bada, betebeharreko helburu asko bagenituen ere, atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako. Botere politikoek eta ekonomikoek norabide horretan eraman nahi gaituzte, emakumeok berriro ere sistema hetereo-patriarkalaren kaiolara lotu nahirik". Hedabideetan ere "atzerakada garrantzitsua" atzematen dute adierazpenarekin bat egin zutenek: "Bereziki larria iruditzen zaigu bertako hedabide publikoetan gertatzen ari dena. Gaurkotasuneko arazoen inguruko eztabaida eta tertuliatan emakumeon presentzia anekdotikoa da. Ikus eta entzunezinak gara".
Egoera "larria" izanik ere, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balioa izatea nahiko lukete: "Elkarlanean, emakumeon arteko sare sendoak sortuz, atzerapausoak identifikatu eta hauei aurre egin. Eta gure bidea egin, guk nahi duguna izateko, euskaldunak, askeak, zernahi. Elika ditzagun aliantzak eragile sozial, politiko eta sindikalekin, inguruko emakume eta gizonekin, Euskal Herri euskalduna eta feminista eraikitzeko".

Berdintasun Plana aurkeztea

Bestalde, Martxoaren 8ko kartel lehiaketaren sari banaketa etzi, hilak 11, egingo dute kultura etxean (18:00). Ekitaldi hori aprobetxatuko dute, era berean, Aramaioko lehen Berdintasun Plana herriari aurkezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak