Aramaioko Udalak ia bi milioi euro ditu herria kudeatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 7a, 10:22
Aramaioko Udalak ia bi milioi euroko aurrekontua onartu du asteon. Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin egin zuen aurrera Ogasun batzordean landutako zirriborroak; Aramaioko Alkartasuna ez zen bilkuran egon. Inbertsioen artean nabarmendu beharra dago Muruko saneamendurako eta zorua aldatzeko proiektua.

Martxoaren 5eko osokoan onartu zen 2014ko Aramaioko Udal aurrekontua, 1.941.146 eurokoa. Hala ere, Ramon Ajuria alkateak osokoan  jakinarazi zuen aldaketak egongo direla. Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin egin zuen aurrera proposamenak; Aramaioko Alkartasuna ez zen bilkuran egon.

Zerbitzuak hobetzeko lanean

Udal Gobernuaren lehentasunak izango dira orain arte ondo funtzionatu duten ekimenak mantendu eta zerbitzuak hobetzen saiatzea. Proiektuei dagokienez, Muruko saneamendurako eta zorua aldatzeko lanak dira lehentasuna: "Ea behingoz lanok egiten ditugun, Udala 12 urtez ari da-eta bueltaka proiektu horrekin", adierazi zuen Lierni Altuna bozeramaileak. Horrez gain, Ibarrako argiteria publikoaren bigarren fasea, Murugaingo indusketak, Udal artxiboa digitalizatzea, Bidez Bide proiektua –Aramaioko bide zaharrak berreskuratu, konpondu edota seinaleztatzeko ekimena da–, eta auzolanekin jarraitzea izango dira aurten abiatu beharreko proiektu aipagarrienak.

Bestalde, Altunak balorazio positiboa egin zuen aurrekontuak azaldu eta onartzeko prozesuarekin: "Lehen aldia izan da Ibarratik irten eta auzo gehienetara joan garela aurrekontua azaltzera. Auzoetan bereziki jende asko agertu da eta azalpenak jasotzeaz aparte, zentzuzko ekarpenak egin dituzte. Esperientzia positiboa izan da".

EAJ: "Ez da behar duguna"

Bestalde, EAJko Iñaki Nafarrate abstenitu egin zen; aurrekontuak aramaioarren beharrak asetzen ez dituela uste du: "Ohiko gastua udalerriak duen ahalmena baino handiagoa da eta horrek Udalak herriari eskaini beharreko hainbat Udal zerbitzu ez eskaintzea dakar".

Aparteko bi diru-sarrera nabarmendu zituen Nafarratek: batetik, Izpiztiko pinudia botatzetik 120.000 euro jasoko dira eta, bestetik, argindar banatzailearen partetik 90.000 euro jasoko ditu Udalak, zinegotzi jeltzalearen arabera: "210.000 euro horiekin ohiko gastuari egin behar zaio aurre eta hori ez da normala gure ustez. Ezohiko diru sarrerekin azpiegituraren bat edo zerbait berezia egin beharko litzateke".

Era berean Udalaren zorra ere aipatu zuen Nafarratek: "Urtero 108.000 euro ordaintzen da zorretan, 9.000 euro hilero. Gure ustez, diru kopuru hori gehiegizkoa da aramaioarrondako". EAJrendako behar nagusiak dira aparkalekuak Ibarran, putzu septikoa berritzea eta adinekoendako egoitza bat.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak