Duela urtebete hasitako ibilbidearen berri ere eman zuten: "Legeak berak zer suposatzen duen aztertu dugu. Ondorioen berri eman dugu eta aurrera begira Euskal Herrian sortzen ari diren mugimendu guztiak kontuan hartuta, horiekin nola aurrera egin eztabaidatu dugu", adierazi zuen Sortzen elkarteko koordinatzaile Eli Zubillagak.
Hezkuntza sistema propioa
Bestalde, orain arte egindako ekintzen artean iaz Bilbon egindako manifestazioa mugarri bat izan zen, Zubillagaren arabera: "Iaz hasi ginen ekimen ezberdinekin. Besteak beste, manifestazio bat egin genuen Bilbon urriaren 12an, eta bertan konpromiso batzuk hartu genituen. Lomceri ezetz esateaz gain, hezkuntza sistema propioaren alde lan egin behar dugu".
Herritarrak aktibatzen
Sortzen elkarteko kidearekin batera Gasteizko Hezkuntza Plataformako ordezkari bat ere izan zen eguenean San Martin eskolako liburutegian. Haren arabera, "indarrak batzera" etorri ziren Aramaiora: "Denon indarrak batuz seguruenik errazago egingo diogula aurre Lomceri. Horretan ari gara orain, indarrak batzen", zioen Gasteizko Hezkuntza Plataformako kide Blanca Martinez de San Vicentek.
Indarrak batzeaz gain, gizartearen aktibazioa ere bilatzen dute: "Mobilizaziorako deia ere egin gura dugu, arazoa norberarena dela sentiarazi. Ardura ez da erakunde batena, ez da ikastetxe batena, norberarena da. Guraso naizen aldetik oso kezkatuta nago, irakasle bezala ezin dut lana horrela egin, eta ikasle izango banintz sekulako sufrimendua litzateke halako lege batekin ikastea". Udaleko eta eskolako ordezkariak eta zenbait guraso izan ziren hitzaldian, 15 bat lagun guztira.