Aspaldiko ekimen baten emaitza da proiektua, Udaleko Euskara batzordeak bultzatu duena. Euskararen transmisio lanerako lekukorik garrantzitsuenak eta egokienak bildu dira liburuxka batean: Aramaion bertan, ahoz aho, urtetan zehar gorde diren ipuin, kondaira eta kontu zaharrak. Bertako edadeko jendeari bildu, eta ume nahiz helduentzako bildumatxo bat prestatu dute, ikusgarria eta ondo zaindua. Dibina Arriolabengoa eta Arantza Ozaeta izan dira duela zenbait urte bilketa-lan mardul hori egin zutenak.
Ozaeta eta Arriolabengoaz gain, Belen Morenok –irudigilea–, Miel A. Elustondok, Jabier Kaltzakortak, Txipi Ormaetxeak –edizioa– eta Manex Agirrek –zuzentzailea– hartu dute parte proiektuan.
Herritarrak protagonista aurkezpenean
Ipuinak Aramaioko euskalkian daude idatzita eta ondoan itzulpena dago, euskara batuan. Proiektu berezi denez, modu berezi baten aurkeztu gura du Udalak. Zenbait herritar gonbidatu dituzte liburuan agertzen diren ipuin laburrak kontatzeko. Era berean, San Martin eskolako haurrek eta bertso eskolako kideek kantatzekoak diren ipuinak abestuko dituzte.