Aramaioko Udal aurrekontua onartzeko osokoa, martxoaren 5ean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ots. 6a, 17:36

Aramaioko Udal aurrekontua onartzeko osokoa martxoaren 5ean egingo da. Urtarrilaren 30eko osokoan aurrekontua luzatzea aho batez onartu ondoren, Udaleko ordezkariek hil honetan bilerak egingo dituzte auzoz auzo, herritarrei azalpenak eman eta euren ekarpenak jasotzeko.

2014ko Udal aurrekontua onartzeko Aramaioko Udaleko ordezkariak herritarrekin elkartzen hasi dira. Atzo bertan Uribarri auzoko elkartean egin zuten bilera eta Ramon Ajuria alkatearen arabera, auzotarrek eskertu zuten azalpenak jasotzea.

Aurtengo aurrekontua koadratzeko burukomin handiak izan dituztela adierazi zuen alkateak azken osokoa amaitu ostean: "Oso zaila izan da aurrekontua koadratzea. Iaz bagenuen margen bat dirua bideratzeko baina aurten murrizketa handia jaso dugu, estu ibili gara".

Auzoz auzo bilerak egin ondoren otsailaren 22an herri batzarra egingo dute eta hilaren 26an Ogasun batzordetik pasako da. Azkenik, martxoaren 5ean egingo dute Udal aurrekontua onartzeko osoko bilkura.

Alkatearen aurkako argitalpena

Bestalde, azken osokoan bi mozio ere izan zituzten mahai gainean. Batetik, 2013ko abenduaren 13an Diario de Noticias de Alava egunkarian alkatearen gaineko albiste baten harira aurkeztu zuen mozioa Aramaioko Alkartasunak. Jose Ramon Uribe zinegotziak salatu zuen egunkari horretako albiste bat alderdikeriatik eta objektibotasun faltatik idatzita zegoela eta Ramon Ajuria alkatea aipatzen zuela aurreko legealdiarekin gertatutakoekin nahastu nahian. Albiste hark irregulartasunak aipatzen zituen Udalaren kudeaketan eta, Uriberen ustez, larria da hori egitea. Informazioa gezurretan oinarrituta zegoela eta bestelako interes batzuk bilatzen zirela uste du Uribek. Mozioak aurrera egin zuen, EAJren abstentzioarekin.

EAJk, Garoñako zentral nuklearra eraisteko mozioa

Bestalde, EAJk Garoñako zentral nuklearra behin betiko itxi eta eraisteko mozioa aurkeztu zuen. Iñaki Nafarratek azaldu zigun zein den euren eskaera nagusia: "Estatuko Gobernua nahasten ari da euren proposamena da Garoña berriro zabaltzea. Hori guk ez dugu nahi, inolaz ere. Guk nahi duguna da behin betiko ixtea eta hori azaldu dugu osokoan". Garoña ixteko mozioa ere onartu zen, EAJk Bilduk jarritako emendakina onartu ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak