Orain artekoari dagokionez, elurrak ez du gora-beherarik eragin Debagoienean, baina bai gertuan. Kurtzetatik Legutiorako bidean ateratako argazki hauek garbi erakusten dute, esaterako, goizeko lehen orduan autoren batek edo bestek zailtasunak izan dituztela errepidean aurrera egiteko.
Trafikoa.net webgunearen arabera, elurra botatzen du tarteka Kurtzetan, Udanan eta Arantzazun. Kontuz gidatzea gomendatzen da, beraz, mendate horietan bereziki eta baita Deskargan eta Elgetan ere, baina ordu honetan (13:50) arazo barik igaro daiteke bailarako errepide guztietatik.
Gatzagan, tarteka elurra
Leintz Gatzagatik, adibidez, kontatu dute tarteka elur-ura eta baita elurra ere bota dituela, baina ez duela zuritu. Eta oraingoz, inguruko mendien tontorretan bakarrik ikusten dela elurra, beheko argazkiak erakusten duen moduan.
Arratsaldean, hobetzera
Euskalmeten iragarpenaren arabera, haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta tenperaturetan ez da aldaketarik izango.
Bihar, martitzena, elur-kotak 1.000 metrotik 1.500era egingo du; haizea hego-mendebaldera aldatuko da; eta tenperaturei dagokienez, minimoak jaitsi egingo dira apur bat eta maximoek gora egingo dute.