Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak deitutako kanpainarekin bat egin du Aramaiok. Uema barruan dagoen udalerria izanik, Euskal Herri osoan abiatutako kanpainarekin bat egin dute; oraingoan abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina da. Euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita izan gura duten aramaioarrek –esaterako, egun Aguirre denak Agirre izan gura badu ofizialki– udaletxean egin ahalko dute eskaera, astelehenetan (09:00-15:00).
Izan ere, udaletxeak bake epaitegiaren funtzioak beteko ditu astelehen goizetan. Interesatuek udaletxean emango dioten eskaera-orria bete beharko dute eta honakoak izango dira aurkeztu beharreko dokumentuak: nortasun agiriaren fotokopia –adinez nagusia ez denak, gurasoena ere beharko du–, hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria –epaitegian eskatu behar da–, errolda agiria –udaletxean eskatzen da, eta adinez nagusia ez denak gurasoena ere beharko du–, familia liburuaren fotokopia –ezkonduta dagoenak edo seme-alabak dituenak– eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia –16 urtetik gorako seme-alabak dituenak–. Kanpainaren leloa da Guk abizena, zuk?; Udalak dei egin die herritarrei parte har dezaten.