Kontzertua, kalejira eta jatekoa gaur Aramaion, herriko zaindariaren omenez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 15a, 13:15

San Martin izan zen astelehenean, aramaioarren zaindariaren eguna. Aurten ere, urteroko ohiturari eutsiz, hainbat ekintza antolatu dituzte egun berezi horren bueltan. Ekintza horien artean nabarmentzekoa da herriko trikitixa taldeak gaurko antolatu duen egitaraua. Gaur, nobedade moduan, emanaldi berezia eskainiko dute Bergarako trikitixa taldekoekin batera, Kultur etxean (18:30).

Aramaioko trikitixa taldeko arduradun Yolanda Sillerok azaldu digunez, egun berezia izango da gaurkoa: "Aurten Bergarakoekin batera joko dugu. Gure emanaldian, trikitixa eskolako trikiti eta pandero ikasleez gain, gitarra doinuak eta abeslariak izango ditugu". Lehen aldia denez, ikusteko dago nola irtengo den kontzertua: "Bergarako irakasleak, Aritz Alustizak, proposatu zuen kontzertua. Orain arte Arrasate Musikalekoak etortzen ziren baina aurten ezberdina izango da. Ea nola irteten den", adierazi digu Sillerok.

Sarrera bi euro ordaindu beharko da eta herriko tabernetan zein Kultur etxean bertan erosi ahalko dira, emanaldia hasi aurretik. Hiru ordu laurden inguru iraungo du kontzertuak eta ondoren bi taldeak batera jaitsiko dira Bizente Goikoetxea plazara, kalejiran.   

Jatekoa, edatekoa eta zozketa

Plazara heltzeaz bat pintxo-potea egingo dute. Aurreko urte batzuetan buzkantzak saldu izan dituzte baina aurten txistorrak izango dira protagonista: "Buzkantzek lan gehiago suposatzen dute eta nahiko larri ibiltzen garenez, aurten txistorra pintxoak jarriko ditugu". Ardoa eta txistorra pintxoa, euro baten truke. Horrez gain, urteroko zozketa ere egingo dute; txartel bakoitza euro baten truke erosi ahalko da eta 20:30ean egingo dute zozketa.

Hiru txartel sarituko dituzte: lehenarendako aste bukaera bateko egonaldia nekazal turismo baten, bigarrenarendako urdaiazpiko bat, eta hirugarrenarendako, azkenik, gazta bat. Jasotako diru guztia trikitixa eskolarendako izango da, Sillerok dioenez, "gure proiektuarendako". Egun 26 haur eta gazte daude taldean –16 trikitilari eta 10 pandero-jole–, eta helduen talde bat ere badago.

"Oso giro polita" Txirripartxis lehiaketan

San Martin Egunaren harira antolatutako ekintzen barruan, domekan Txirripartxis lehiaketa antolatu zuen Txirritolak; "oso giro polita" izan zela esan digute. Hiru adin tarte bereiztu zituzten: 6 eta 8 urte artekoak, 9 eta 14 urte artekoak eta 15 urtetik gorakoak. Lehen taldekoek partxisean jokatu beharrean antzara jokoan aritu ziren; espainolez errotutako esaldiak euskarara itzuli zituzten; antzara bat eta antzar bi berriz ere niri eta zubitik zubira zu zaude oraindik begira, adibidez. Zortzi umek hartu zuten parte eta Beñat Goikoetxea izan zen irabazlea. Partxisean jolastu zuten 9 eta 14 urte arteko taldean, 26 ume aritu ziren eta Aitor Ugarte izan zen irabazlea. Azkenik, parte hartu zuten 12 helduen artean Maite Arana izan zen onena. Saridunek euskarazko materialarekin trukatzeko txartelak jaso zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak