Adifen kalte-ordainen auzirako indarrak batuko dituzte Arabako Diputazioak eta Aramaioko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 7a, 18:01

Javier De Andres Arabako Ahaldun Nagusia Aramaion izan da gaur. Harekin batera etorri dira, besteak beste, Jose Zurita Ekonomia Sustapenerako diputatua eta Alicia Ruiz de Infante Obra Publiko eta Garraiotako diputatua. Aramaioko Udalak duela pare bat aste eskatu zuen bilera Aldundiko ordezkariekin Adif erakundeari A-2620 errepidea itxita egon izanak eragindako kalte-ordainen aurrean zein jarrera duten azaltzeko. Bada, gaur batzartu dira udaletxean. Errepidearen gaiaz aparte, Fagor Etxetresnen egoera ere izan zuten hizpide.

AHTko lanen ondoan gertatutako lur-jausiak errepidea urtebetez itxita egoteak eragindako kalteen aurrean Udalak zein Arabako Diputazioak jarrera bera dutela argitu du De Andresek ordubete inguru iraun duen bileraren ostean: "Bion borondatea da kaltetuei laguntzea eta Adifi kalteok erreklamatzea. Kasuistika zabala izan daiteke; batzuek epaitegiaren aldeko sententzia jasotzeko aukera gehiago izango dituzte beste batzuek baino. Hala ere, guztiek dute erreklamatzeko eskubidea eta beraz, guk kaltetuei zerbitzu juridikoa eta teknikoa eskainiko diegu erreklamazioetan argumentuak izan ditzaten. Gero kaltetu bakoitzak bere kasua azaldu beharko du".

Adifen auzian Udala eta Diputazioa eskutik helduta joango direla eman du aditzera Ahaldun Nagusiak: "Batera joango gara; are gehiago, prozesu judizialean Aldundia bera ere interesatu moduan aurkeztuko da gaia gertutik jarraitzeko. Arrazoi objektiboak daude kasu askotan erreklamazioa bideragarria dela pentsatzeko".  

"Erabateko akordioa"

Udalaren zein Diputazioaren artean "erabateko akordioa" lortu dutela baieztatu zuten bi aldeek. Hala, Ramon Ajuria alkatea "oso pozik" irten da Aldundiko ordezkariekin izandako bileratik: "Gure proposamenak onartu dituzte eta  badakite zein den herritarrek bizi duten egoera. Aholkularitza juridikoa eskainiko diete herritarrei eta baita Udalari ere. Era berean, administraziorako auzi-prozesuan ere bat egingo dute Udalarekin. Horrek esan gura du gurekin batera egingo dutela Adifen aurka. Beraz, oso pozik gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak