Adifi kalte-ordainen auzia berraztertzea eskatzeko, eredu bat prestatu du Aramaioko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urriaren 30a

A-2620 errepidea itxita egoteak eragindako kalte-ordainen erreklamazioak direla-eta, Adifek dio ez duela erantzukizunik, euriari leporatzen diote lur-jausia. Erantzun horren aurrean Udalak aholku juridikoa eskatu du eta Adifi auzia berraztertzea eskatzeko, Aramaioko Udaleko abokatuak eredu bat prestatu du herritarrei bideratzeko. Eredu horrek lur-jausia gertatu aurreko informe geologiko bat eta osteko txostena darama atxikita. Herritarrek erantzuna jaso eta hilabeteko epea dute eredu hori Adifera bidaltzeko. Udaletxean bertan edo Udalaren webgunean egongo da eskuragarri.

Udalak jakitera eman duenez bi aukera daude Adif erakundearen erantzunaren aurrean: "Alde batetik Madrilgo epaitegian helegitea jartzea norbanako bakoitzak, era indibidualean. Horrek koste ekonomiko handia omen dauka eta kasu askotan aurrera egiteko erreklamatzen den dirua baino gehiago ordaindu beharko litzateke prozesuan. Bestetik, Adifi kasua berraztertzeko eskaera luzatzea dago. Kasu honetarako abokatuak eredu bat prestatu digu eta horrek lur-jausia baino lehenago Udalak enkargatu zuen informe geologiko bat eta lur-jausiaren ostean udaletxeko arkitektoak egin zuen txostena atxikita eramango luke. Hori egiteko, erantzuna jaso eta hilabeteko epea dago". Eredua eta bi txostenak Udalaren webgunean edo udaletxean bertan egongo dira eskuragarri herritarrendako.

Publikoki salatzeko deia

Era berean, Udalak uste du "egoera lotsagarri" hori publikoki salatu behar dela eta Arabako Diputazioa ere interpelatu behar dela, "guztion artean" egoera salatzeko. Salaketa hori nola antolatu erabakitzeko herri batzarra –hirugarrena azken bi asteetan– deitu dute. Eguna ez dute zehaztu oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak