Erretiratuen Eguna bihar Aramaion: 60 postutik gora azokan eta 102 lagun bazkarian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 25a, 11:30

Aramaioko herri osoa inplikatuko da zapatuko Erretiratuen Egunerako: Udala, elkarte gastronomikoak, Lagunartea dantza taldea, Trikitixa Eskola, Papargorri eta Bizente Goikoetxea abesbatzak eta txistulariak. Aurten 102 erretiratu egongo dira bazkarian eta, urtero moduan, gizonezko zein emakumezko edadetuenak omenduko dituzte.

Omenduak izango dira 1918ko uztailaren 4an Eguzkierripan jaiotako Balentin Ibabe eta urte bereko martxoaren 1ean Altzagan jaiotako Maria Angeles Beitia, hain zuzen. Bazkarira joaten ez badira Udaleko ordezkariek aurrerago egingo diote omemanaldi xumea.

Biomasaren gaineko postuak

Azoka izaten da eguneko izarra. Baserriko produktuak, artisau lanak eta animaliak egongo dira aurten ere. Hainbat postu egongo dira, askotariko produktuekin; bertako 39 –animaliendako guneak barne– eta kanpoko 28.

Aurten ere Nardeaga kalea hartuko du azokak, goizetik hasi eta 14:30ak arte. Bihar, egubakoitza, kiroldegi pareko errepidea itxiko dute animaliendako hesiak jartzeko, 17:00etatik aurrera.

Aurten nobedade nagusiak dira artzain txakur txapelketa ez dela egingo eta azokan bi postu berezi jarriko direla, biomasarekin erlazionatutakoak. Batetik, sugar enpresak biomasa bidez funtzionatzen duen galdara jarriko du martxan. Bestetik, Ekosua enpresaren katalogoa ikusteko aukera egongo da.

Egitaraua:

10:30 Herriko trikitilari eta txistularien kalejira.
12:00 Urtean zehar hildako erretiratuen omenezko meza San Martin elizan. Ondoren, Bizente Goikoetxea eta Papargorri abesbatzen saioa.
13:00 Lagunartea dantza taldearen emanaldia.
14:30 Bazkaria kiroldegian.

Oharrak:

Azoka Nardeaga kalean, 14:30ak arte.
Elkarteetan salda eta ogitarteko txikiak erretiratu guztiendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak