Irakasle berriarekin, ilusioz ekin dio ikasturteari Lagunartea dantza taldeak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 23a, 19:47

Lagunartea dantza taldeak ilusioz ekin dio ikasturte berriari. Azken urte luzeetan Adela Elexalde eta Ainara Inuntziaga izan dira irakasleak baina iaz ardura hori uztea erabaki zuten: "Astero sei edo zazpi ordu egiten genituen entseguetan eta saio guztietan hor egoten ginen. Inplikazio eta ardura handiak eskatzen ditu eta uzteko unea zela erabaki genuen. Une onak eta txarrak bizi izan ditut, baina onekin geratuko naiz", adierazi digu Inuntziagak.

Errelebo naturalik ez dute izan, baina aurkitu dute euren bidearekin jarraituko duen pertsona: Gasteizen bizi den Aitor Villareal arrasatearra. Lehen egunetan laguntzen ari dira: "Erretiratuen Egunera arte Aitorri laguntzen ari gara, dena zintzilik ez uzteko. Baina hortik aurrera utzi egingo dugu, deskantsatzeko gogoz gaude".

Urriaren 10ean hasi ziren entseguekin eta 65 bat dantzari izango direla kalkulatzen du Villarealek. Izan ere, sei taldetan daude banatuta, adinaren arabera. Bi egunetan izaten dira entseguak: eguenetan 16:00etatik 18:00etara eta egubakoitzetan 16:00etatik 20:00etara. Hau da, talde bakoitzak ordubeteko saioa egiten du astero. Aramaion nola amaitu duen azaldu digu Villarealek: "Adela nire ikaslea zen Aretxabaletako musika eskolan eta berak esan zidan taldea utzi behar zutela. Ea animatzen nintzen galdetu zidan eta horrela hasi zen dena".

Irakaslea ere, "ilusioarekin"

Lehen sentsazioak "onak" direla dio eta gaineratu du "ilusioarekin" dagoela. Ikasturte honetarako lehen helburua dantzariak ezagutzea eta lehen harreman izatea dela dio. Lehen saio garrantzitsua zapatu honetan bertan izango dute, Erretiratuen Egunean. San Martin jaietan ere egingo dute: "Bi dantzaldi horiek ziur egingo ditugula, baina badut asmoa urtean zehar beste saioren bat egiteko".

Amaitzeko, Ainara zein Adelak "asko" lagundu diotela nabarmendu du Villarealek: "Hemen daude egunero eta asko eskertzen da hasieran laguntza hori izatea. Erretiratuen Egunetik aurrera ni bakarrik geratuko naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak