Espainiako bandera jartzeko erabakia urriko osokoan hartu beharko du Aramaioko udalbatzak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 8a, 18:49

Irailekoa atzeratu ostean, Aramaioko udalbatzak urriaren 3an egin zuen osoko bilkura. Bertan, besteak beste, Espainiako bandera udaletxean jartzeko azken epaia heldu zela iragarri zuen Lierni Altuna jarduneko alkateak: "Ez dago beste errekurtsorik jartzeko aukerarik. Urriko osokoan hartu beharko da erabakia".

Espainiako banderarenaz aparte, beste hainbat gai jorratu zituzten osokoan. Herrira mugimenduaren polizia operazioa salatzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bilduk eta EAJk batera ateratako mozio bera onartu zuten.

Beste mozio bat ere aurkeztu zuen Bilduk, Lomce legearen aurkakoa: "Dei egin nahi diegu hezkuntza komunitateari zein herritarrei lege honen aurrean euren desadostasuna adierazi eta gure eredu propioaren eraikuntzan indarrak biderka ditzaten", eskatu zuten, besteak beste. Mozioak aurrera egin zuen, EAJk (1) aurka bozkatu bazuen ere.

Gazte lokalaren ordenantzak

Era berean, gazte lokalaren ordenantza berriak onartu zituzten, Bildu eta Aramaioko Alkartasunaren aldeko botoekin (6) eta EAJren kontrako botoarekin (1). Iñaki Nafarrate zinegotzi jeltzaleak konta bozkatu zuen, gazte lokalak ordutegia izatea ezinbestekoa dela uste duelako. Udalak ahalmen batzuk definitzen ditu ordenantza horretan:

-Lokala Udalarena da eta berak du azken erabakia edozein gairen inguruan

-Bizilagunen kexak jasoko balira edo erabilera txarrak gertatuko balira, Udalak aukera izango du ordutegiak finkatzeko edo aldatzeko, lokala denboraldi batez ixteko edo lokala berreskuratzeko

-Ezingo da Udalak ezarritako aforoa gainditu, segurtasun neurriak direla-eta. Gehienez 50 pertsona.

-Debekatuta dago erretzea eta alkohola edatea.

-Erabiltzaileek indarrean dagoen legedia bete behar dute.

-Udalak edozein momentutan egin ahal izango du lokalaren ikuskapena.

Andoni Solupek ofizialki utzi du zinegotzi kargua

Bestalde, osokoan eman zen ofizialki Andoni Solupe zinegotziaren kargu uztearen berri. Hirigintza eta Gazteria, Berdintasun eta Migrazio batzordeetako presidente kargua utzi du Solupek. Kargua utzi zuenetik Ramon Ajuria alkatea ari da zeregin horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak