Alberto Barrondo aramaioarraren argizaiola erakusketa gaur itxiko dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 26a, 18:21

Joan den domekan ospatutako Txirritola Egunaren harira, erakusketa interesgarria ireki zuen Alberto Barrondo artisauak Aramaion. 34 argizaiola ditu erakusgai Sastiñan eta gaur da erakusketa ikusteko azken eguna, 18:00etatik 19:30era.

Aramaioko Oleta auzoko Alberto Barrondo artisauak argizaiolak egitea du zaletasun. Euskal Herrian bakarrik aurkitu daitezke argizaiolak, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan, eta herri bakoitzak bere argizaiola izaten du. Hitzak argizari eta ola hitzetan du jatorria. Hau da, argizarizko soka batek inguratzen duen egur zati lau bat definitzen du argizaiola hitzak.

Bizitzaz haraindi sinesten

Forma antropomorfikoa dute eta ikertzaileen arabera, argizaiolek hildakoaren arimak bizitzaz haraindi izan lezakeen balizko iraupena irudikatuko luke. Hainbat dokumentu historikok egiaztatzen dute Euskal Herrian XVI. Mendea ezkero egiten zirela, baina jatorria askoz ere lehenagokoa duela uste da.

Barrondok Txirritola Eguneko egitarauaren barruan ireki zuen erakusketa eta euskara elkartearen izenarekin zerikusi zuzena duela dio: "Lotura zuzena dauka. Txirritola da argizaiolaren inguruan duen kandela hori. Beraz, Txirritola Egunarekin bat egiten du erakusketak". Horrekin batera, zaletasuna nondik datorkion ere azaldu digu artisau oletarrak: "Duela 12 bat urte hasi nintzen, Luis Pedro Peña de Santiagoren liburu bat aurkitu nuenean. 1961etik 1964ra elizaz eliza joan zen bilduma bat egiteko. Nik bilduma horretan oinarritu naiz argizaiolak egiteko".

Azken aukera gaur, 19:30era arte

Domekan ireki zuten erakusketa eta ordutik hainbat herritarrek bisitatu dute Sastiña. Euskal ondarearen parte diren eskultura txiki horiek ikusi ez dituenak gaur izango du horretarako azken aukera, 18:00etatik 19:30era. Sarrera doakoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak