"Euskal Herriko abentura parkerik handiena" ireki dute Aramaion eta inguruetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 26a, 18:31

Hontzaextrem du izena eta familia guztiarendako abentura parkea da. Aisia eta kirola bateratzen dituen parkea, irailaren 21ean ireki zuten eta beraz, gura duenarendako erabilgarri dago dagoeneko: "Euskal Herrian dagoen abentura parkerik handiena dugu eta bakarra pertsona urrituendako egokitua, bai urritu fisiko eta baita psikikoentzat ere", diote. Hiru jarduera nagusik osatzen dute eskaintza: askotariko ibilbideak zuhaitzetan zehar, zuhaitzetako eskalada eta arku-tiroa. Ordutegien eta prezioen gaineko informazioa jasotzeko klikatu hemen.

Hontzaextrem izeneko abentura parkea ireki berri dute Aramaion eta inguruetan. Parkeko arduradunek administrazio-tramite guztiak Otxandion egin dituzte baina parkearen eremuak historikoki Aramaiorenak izan diren lurrak ere hartzen ditu. 2012ko azaroan hasi zen proiektua forma hartzen: "Parkeaz arduratzen garen hiru bazkideak langabezian geunden. Beharrak aginduta eta Otxandion egindako herri galdeketa baten turismoa indartzeko beharra zegoela ikusita, abentura parke bat  irekitzeko proiektua aurkeztu genuen.Ekimena egingarria zela frogatu ostean guri esleitu eta baso-eremua erabiltzeko baimena eman ziguten 20 urterako. Iazko azaroan izan zen hori, eta ordutik egunero hamar ordu egin ditugu lanean. Gure eskuekin egokitu dugu parkearen %90a", esan digu Josu Abaonza arduradunak.

Irailaren 21ean ireki zuten. Inaugurazioan 100 lagun inguru elkartu ziren eta bisita gidatua, batukada eta luncha izan zituzten, besteak beste.

Hiru jarduera interesgarri

Aisia eta kirola bateratzen dituen parkea da eta adin guztietarako erabilgarri dago dagoeneko: "Euskal Herrian dagoen abentura parkerik handiena dugu eta bakarra pertsona urrituendako egokitua, bai urritu fisiko eta baita psikikoentzat ere". Gurpildun aulkian ibili behar direnendako egokitzen dihardute eta "teknifikazio lan handia" eskatzen duenez, "epe labur edo ertain" baten gertu izango dutela esan digu Abaonzak.
Hiru jarduerak osatzen dute entretenimendurako eskaintza. Arku-tiroa da lehena eta lau urtetik gorako edonorendako da.

Bigarren atrakzioa Italiako Alpeetatik datorren zuhaitzak eskalatzeko modu berezi baten oinarritzen da eta azken blokean, berriz, askotariko ekintzak egin ahalko dira zuhaitzetatik zehar: "Bi ibilbide prestatu ditugu adinaren eta zailtasunaren arabera; lehena 4 urtetik 9 urtera arteko umeendako da eta bigarrena, berriz, 10 urtetik gorakoendako. Zubiak, tirolina... hainbat ekintza egin ahalko dira". 15 lagunetik gorako taldeek erreserba egin beharko dute; gainerakoek nahikoa izango dute bertan agertzearekin; harremanetarako: 665 73 85 63.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak