Euskara eta sagardoa ahoan, Txirritola Eguna izango da domekan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 18a, 13:37

Txirritola euskara elkartearendako urteko egunik seinalatuenetakoa izango da domekakoa: Txirritola Eguna. Gainera, aurtengoa berezia izango da hamargarren edizioa izango delako. Elkartea 2000. urtean sortu zen baina ordutik bederatzi alditan ospatu da Txirritola Eguna; hau da, uztan izandako arazoak tarteko, bi urtetan ezin izan zen egin: "Bi ediziotan ez zen sagardo nahikorik egon eta horregatik ez zen antolatu", adierazi digute Txirritolakoek. Hala, edizio berezia denez, antolatzaileek pentsatu dute txotx irekiera euskara elkartea sortu zutenek egitea.

Sorreran parte hartu zuten, besteak beste, Mikel Arantzabalek, Ana Martiarenak, Juanito Ezeizak, Amaia Axpek,  Rosa Mondragonek eta Laurane Zubiak.

Sagardogile batzuk kale

Aurten hamar sagardogile ezberdinen sagardoa dastatzeko aukera egongo da: "Batek baino gehiagok kale egingo du arrazoi ezberdinengatik: sagardo gutxi dutela edo amaitu zaiela esan digute batzuk, sagardoa txarra irten zaiola esan digu beste batek...". Arazoak arazo, Aramaioko bertako sagardo ezberdinak dastatu ahalko dira, eta betikoa izango da funtzionamendua: basoa hartzeagatik ordaindu eta gero, gura beste sagardo edan ahalko da.

Urteroko egitaraua

Bizente Goikoetxea plazan izango dira ekitaldiak. 11:30ean trikitilariek iragarriko dute egun bereziaren hasiera eta 12:00etan izango da txotx irekiera. Ondoren, sagardoaz gain, taloak eta pintxoak dastatzeko aukera egongo da.
Aurtengo nobedadea izango da, bestalde, Sastiñan irekiko duten argizaiola-erakusketa: "Alberto Barrondorekin harreman estua dugu eta argizaiolak erakusteko moduan zituela enteratu ginenean, pentsatu genuen modu egokia zela egun berezia osatzeko. Aspaldiko ohiturak dira, gure kulturaren parte direnak", diote antolatzaileek.

Nobedadea, argizaiola-erakusketa

Oleta auzoko Alberto Barrondo artisauaren lana ikusteko aukera egongo da Sastiñan, 11:30etik 14:00etara. 34 argizaiola erakutsiko ditu Barrondok eta aurreratu digunez, lanon jatorria eta horiek egiteko prozesua zein den azalduko du, bideo eta guzti: "Otxandion ere ireki nuen erakusketa eta han egin moduan, azalpenak emango ditut ikus-entzunezko baten laguntzarekin". Hilaren 23tik 26ra –biak barne– ere egongo da zabalik erakusketa, 18:00etatik 19:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak