Larraitz Arriolabengoa: "Aramaiorako musika-etxea lortzea da helburua"

Langabezian geratu ostean musika eskolak bere kabuz ematea aukera bat zela pentsatu zuen Larraitz Arriolabengoak. Pentsatu eta egin; proiektu bat aurkeztu zuen eskolako guraso elkartean eta onartu egin diote. Hala, eskolaz kanpoko musika klaseak emango ditu San Martin eskolako goiko pisuan: pianoa, gitarra eta txistua jotzen irakatsiko dute.

Zer dela-eta erabaki duzu musika eskolak ematea?
Orain arte nire etxean eman izan ditut klaseak baina aurreko ikasturtea amaitu baino lehen proiektu bat aurkeztu nuen guraso elkartean 2013-2014 ikasturtera begira, eskolaz kanpoko musika klaseak nik emateko. Proposamena onartu egin zidaten; orain, Arrasate Musikalera joateaz gain, Aramaion bertan eskolak jasotzeko aukera dago.

Zer da irakatsiko duzuna?
Musika hizkuntza edo solfeo deitzen dena eta musika hastapenak, 3 eta 7 urte arteko haurrendako. Pianoa, gitarra eta txistua jotzen irakatsiko dugu. Eskolan bertan izango dira klaseak.

Musika eskolarik ezean klaseak zuk zeuk ematea erabaki duzu.
Aramaiok musika-etxe bat behar du eta klase hauek helburu hori lortzeko lehen harria direla esan daiteke. Jende askok eman du izena, 50 bat ikasle izango dira. Oso kopuru altua da eta joerak horrela jarraitzen badu, musika-etxearen beharra gero eta agerikoagoa izango da. Nire azken helburua da Aramaiorako musika etxea lortzea, bere kabuz joan dadin. Eraikin bat badago baina ez dago dirurik eraikin hori behar den moduan egokitzeko.

Noiz hasiko zarete eskolekin?
Iraileko azken astean edo urri hasieran. Oraindik haurrak goizez bakarrik dabiltza eta nahiko kaotikoa izaten dira lehen asteak. Taldeak sortu eta ordutegiak laster egokituko ditugu. Izena emateko aukera dago oraindik; San Martin eskolatik kanpo izena eman gura duenak niri deitzea izango du onena: 605 748 087.

Baliabide aldetik ondo?
Eskolan badago pianoa eta irakasleok baditugu gitarrak. Txistua norberak ekarri beharko du; oraingoz moldatzen gara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.