Santi Roman: "Eskolak Aramaioko herriarekin dituen loturak sendotu behar ditu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 10a, 16:48

Santi Roman da Aramaioko San Martin eskolako zuzendari berria. Nekane Arrondoren lekua hartuko du Romanek eta dioenez, eskolako elkarbizitza bultzatu eta herriarekiko lotura sendotzea izango dira zuzendaritza berriaren erronka nagusiak. Irailaren 6an hasi zuten ikasturtea, 144 ikaslerekin.

Irailaren 6an hasi ziren ikasturte berriarekin San Martin eskolan. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza kontuan hartuta, 144 ikasle eta 19 irakasle izango dira aurten. Iazko antzeko kopuruak dira eta ikasturte berriko nobedade nagusia da zuzendaritza taldea berritu egin dela. Datozen urteetan Santi Roman elorriarra izango da zuzendari berria. Kargu berria nola hartu duen kontatu digu Romanek: "Irakaskuntza publikoan tokatzen den kargu bat da. Lau urtean behin zozketa egiten da eta aurten guri tokatu zaigu. Aurrera egin behar dugu".

Elkarbizitzaren eta herriari lotzearen garrantzia

Eskola osatzen duen komunitatearen elkarbizitza aipatu du ikasturte berrirako erronka nagusi moduan. Baita herriarekiko lotura sendotzea ere: "Guretako oso garrantzitsua da elkarbizitza, eskolako agente eta partaide guztiak kontuan hartzea. Ez bakarrik ikasle eta irakasleak, baizik eta sukaldari, garbitzaile, gidari eta monitoreak ere. Horrekin lotuta, herriarekin ditugun loturak ere sendotu behar ditugu, herri batek ez duelako zentzurik eskola barik eta alderantziz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak