Ikusmin handia piztu du Aramaioko erretiratuek egindako eskulanen erakusketak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko uzt. 11a, 18:58

Aramaioko 16 erretiratuk egindako eskulanen erakusketa San Martin jaietako lehen egunean ireki eta atzo itxi zuten. Alaiak erretiratu elkarteak lehenengoz antolatu du erakusketa oso pozik daude herritarren artean izan duen harrerareki. Ekimena errepikatzea espero dute; antolatzaileek diotenez, Sastiñak 900 bat bisita izan ditu bost egunotan.

San Martin jaiak hasi baino ordubete lehenago inauguratu zuten Sastiñan Aramaioko erretiratuek egindako eskulanen erakusketa. Aramaioko ondare diren denetariko artelanak egon ziren ikusgai atzora arte / eta erakusketa bisitatu duten gehienak txundituta geratu dira Aramaion bertan ditugun artisten lanak ikusita. Kultura zinegotzia izan da harrituta geratu den horietako bat.

Hamasei erretiratuk hartu dute parte eta guztiak dira protagonista. Baina guztiekin ezin egon eta bi artista jarri ditugu kamera aurrean. Batetik, 84 urte dituen Felisa Arana; Aramaioko hariaz egindako hainbat lan erakutsi ditu. Bestalde, 80 urte dituen Santi Elejaldek egurra izan du eskulanetarako lehengai erretiratu zenetik.

Belaunaldi berriek, "denborarik ez"

Pazientzia eta eskulanetarako trebetasuna ezinbestekoak dira halako lanak egiteko. Gehienek erretiratzerakoan indartu dute zaletasuna baina aurretik teknika ezagutzen zuten. Belaunaldi berriek ez omen dute horretarako denborarik. 

Alaiak erretiratu elkartekoak oso pozik daude erakusketak herritarren artean izan duen harrerarekin. Jesus Garitaonandia presidenteak espero du lehenengoz antolatu den erakusketa hau ez dela azkena izango.

Antolatzaileek ez dute datu zehatzik ematerik izan baina erakusketa zabalik egon den bost egunetan 900 bat bisita izan dituela adierazi digute.

Felisa Arana:"Bizimodua asko aldatu da, ez dago denborarik eskulanetarako"

Zein da zure eskulanek duten berezitasun nagusia?
Garai baten Aramaion hazitako hariaz egindako mahai-zapiak egin ditut nagusiki. Ametzu baserrian ereiten zuten lihoa, sute batek baserria erre zuen arte. Sutearen ostean, jabeei esan nien haria mahai-zapiak egiteko eman ezkero nik ohe-estalki bat egingo niela; hala egin genuen tratua. Beste lantxo batzuk ere egin izan ditut, besteendako normalean.

Azkenaldian utzi egin diozu eskulanak egiteari. Zergatik?
Ahizpa nagusia zaindu behar dut eta ez dut denbora larregi izaten. Nekatuta ere banago... Eskaera bereziren bat jaso ezkero agian egingo dut zerbait baina bestela ez. Orain denetarik dugu, ez dago beharrik.

Eskulanetarako ohitura galtzen doala uste duzu?
Bai, ohitura galtzen doa, baina eskulanak asko estimatzen dira oraindik. Egin ez dira egiten, baina izugarri gustatzen zaizkio jendeari. Bizimodua asko aldatu da; orain masajistarengana joan beharra dago, depilatzera, edo kirola egitera... Orain ez dago denborarik eskulanetarako. Guk egun osoa izaten genuen horretarako, etxetik irten barik. Gustatu ezkero, egiten da. Gustatzeaz gain, trebea ere izan behar da. Ama zena eta izeba bat oso trebeak ziren, adibidez.

Zer iruditu zaizkizu besteek egin dituzten eskulanak?
Asko gustatu zaizkit orokorrean, trebetasun handia duten pertsonak ditugu herrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak