'Markel eta Txomin etxera' taldearentzat Aramaioko pikea

Imanol Gallego 2013ko uzt. 9a, 11:19

Oso pike parekatua izan zen atzo, astelehena, Aramaioko koadrilen artean izandakoa. Gogotik saiatu zen 'Triki-Traka' taldea, baina, azkenean, laugarren aldiz, 'Markel eta Txomin etxera' taldeak irabazi zuen hamargarren pikea. Gauean, mozorroa jantzi eta herri afariaz gozatu zuten aramaioarrek eta, horrekin bai, bukatu dituzte San Martin jaiak.

Arratsaldeko lehen orduetan Aramaioko parkea jendez bete zen atzo. Koadrilen arteko pikeak jende ugari biltzen du, eta aurten hamargarren pikea izanda arrazoi gehiagorekin. Ikusleez gain, aurten parte hartu duten lau taldeak gogotsu zeuden froga ezberdinak gainditzeko. Gu, BBB, Triki-traka eta Markel eta Txomin etxera taldeetako parte-hartzaileek barre eta garagardo artean egin zituzten beroketa ariketak.

Antolatzaileek egin beharreko frogak azaldu ostean, bakoitzak bere egin beharrekoa barneratu eta, saria eskuratzeko asmoarekin, prestatzeari ekin zioten. Estrategiak, tranpak, trukuak... denetik egon zen. Esperientzia edo zortea medio, Triki-traka eta Markel eta Txomin etxera izan ziren finalera iritsi ziren bi taldeak.

Final zirraragarri eta barregarria

Aurreko urteetan baino final parekatuagoa izan da aurtengoa: bi taldeek ura, arraultza, olibak, akrobaziak... izan zituen azken ginkana bizkor egin arren, Markel eta Txomin etxera-koek laugarren urtez eskuratu zuten irabazleen bandera.

Ondoren, txosna gunean, talde guztiek sagardoa jasotzen zuten bitartean, irabazleek xanpainarekin ospatu zuten merezitako lehen postua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak