Giro jatorrean ospatu dituzte asteburuan Aramaion San Martin jaiak. Nicolas Gardokiren pregoiarekin ekin zieten egubakoitzean, eta gaur, astelehena, azkeneko kartutxoak erretzeko aitzakia ugari dituzte oraindik.
Adin guztietakoak ikusi ditugu asteburuan jaietan murgilduta. Horietako bat izango da gaur gauean juergista onenari ematen dioten Urrezko gibelaren saria eskuratuko duena; berriketeroenak ere jasoko du sari berezia.
Kontzertu jendetsuak
Aramaioko jaietako ikurretako bat izaten da urtero musika eskaintza; oraingoan ere antolatzaileek asmatu dute, eta horren erakusle izan da, besteak beste, egubakoitzean txosnetan Betagarri, Zain eta Emon taldeek erakarri zuten jende multzoa. Zapatuan, bailarako taldeek, bai txosnetan zein Bizente Goikoetxea plazan, harrera ona izan zuten.
Gaueko emanaldiez gain, txarangak, txistulariek eta trikitilariek ere girotu dituzte aurtengo festak, alaitasun hori ekintza guztiei kutsatuz. Aipatzekoa ere, atzo, domeka, herriko plazan izandako herri kirol erakustaldi didaktikoa.
Gazte eta txikien eguna
Gaur, 11:00etatik aurrera, herriko gaztetxoen algara eta barrea ozen entzungo da. Jolasekin hasiko dute eguna eta eguerdiko Barre laborategia antzerkiaren ostean koadrilek hartuko dute lekukoa. Aurten ere, koadrilen arteko pikea, lehiaketa bat baino gehiago ondo pasatzeko aitzakia dela erakutsiko dute parte-hartzaileek.
Herri afariarekin eta ondorengo kale animazioarekin, datorren urtera arte agurtuko dituzte aramaioarrek sanmartinak.