Etxe kaleratzeak ekiditeko indarrak batu ditu Aramaioko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 27a, 18:19

Aramaioko udalbatzak Debagoieneko Kaleratzeak Stop plataformako kideen bisita izan zuen atzoko osoko bilkuran. Plataformako kideek HMEI indizea ordezkatzeko eskatu zuten udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hipoteka-mailegu baten interesak kalkulatzeko erabiltzen den indizeetako bat da HMEI, eta iazko apirilaren 28ra arte erabil zitekeen.

Egun hori pasa ostean banku zerbitzuek etorkizunean erabil zezaketen indizeak jakinarazi zituzten baina HMEIaren kasuan ez zen hala izan. Mailegu asko HMEIren arabera eginda daude eta horietarako bi aukera daude: maileguak berak alternatiba bat izatea kontratuan –hori da Kutxabanken kasua; horietan Euriborra gehi bat erabiltzeko alternatiba dago–. Beste erakunde batzuetan, berriz, maileguen kontratuan ez zen alternatibarik zehaztu eta horietarako Espainiako Gobernuak esan behar du indize berria zein izango den.

"300 edo 400 euro gehiago"

Kaleratzeak Stop plataformako kideek salatu dute balio berria ez dela argitaratu: "PPko Gobernuak ez du ordezkorik proposatu eta horregatik ezin da HMEI indizea desagerrarazi. Legea betetzeko eskatzen diogu Gobernuari, iazko apirilean egin behar zuen-eta". Errealitatea da, azaldu zutenez, Euriborra gehi 1 indizearen interesa %1,5era ez dela iristen eta aldiz HMEI indizeak %4,1eko interesa duela: "Etengabe igotzen doa eta horrek, edozein familiari ordaintzea ez dagokion 300 eta 400 euro gehiago ordaindu beharra suposatzen dio hilero. Hala, HMEI indizeak familia askori suposatzen dio hipoteka ordaindu ahal izatea edo ez, hau da, zulora erortzea edo ez", esan zuen Salva Gonzalez plataformako kideak.

Era berean, salatu zuten Espainiako Gobernuak erakundeak lehenetsi dituela familien gainetik: "Ez da ahaztu direlako izan, hausnarketa eta interesen azterketa baten ondorioz hartutako erabakia izan da. Hala, erakundeendako onuragarria den eta familiendako erabat kaltegarria den egoera mantentzea aukera dute".

Udalbatzak aho batez onartu zuen proposamena; deitzaileek biziki eskertu zuten Udalaren babesa.
Kutxabanki ere eskatu zioten  HMEIaren berehalako ordezkapena eskatzea: "Horretarako ez du behin behineko erregimenaren ezartzea gauzatu arte itxaron behar, horren edukia garrantzirik gabekoa da-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak