Euriak eta elurrak sortutako kalteak arintzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 28a, 11:00

Aurtengo eurite eta elurteen ondorioz Aramaioko hainbat egur esplotaziotan kalte handiak eman dira. Hazten zeuden zuhaitz asko apurtu ziren eta derrigorrez basoetatik atera behar izan zituzten, lurjabeen inbertsioak kaltetuz.

Kalte horiek kuantifikatzeko lurjabeen zerrenda bat prestatu du Udalak kalteak jasan dituzten jabeak zeintzuk diren zehazteko. Udalak, eskura dituen baliabideak aztertuta, egoki ikusi du landa-bide eta auzo-bideetan ibilgailu astunen erabileraren eta landa-bideen zabaltzearen gaineko Ordenantza Erregulatzailean, udal bideak erabiltzeagatik ezarrita dagoen tasa ez aplikatzea. Helburua da lurjabeek jasandako kalteak arintzea.

Bost alde eta bat kontra

Hala ere, ordenantza aldatzeko beharrezko epea luzeegia denez, eta jasandako kalteen larritasuna kontuan hartuta, berehalako neurriak hartu behar direla ondorioztatu du Udalak. Hala, Ramon Ajuria alkateak 0,39 euroko tasa ez aplikatzea proposatu zion udalbatzari eguazteneko osoko bilkuran.

Gaia landu ahal izateko bozkatu egin behar izan zuten eta gaia lantzea bera aho batez onartu zen. Bozkatzerako orduan, Bildu eta Aramaioko Alkartasuna taldeek neurria begi onez ikusi zuten –aldeko bost boto–, baina EAJko Iñaki Nafarratek kontra bozkatu zuen. Neurriarekin ados egon edo ez, Mendietako batzordean gaia landu ez izana salatu zuen zinegotzi jeltzaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak