Azkoaga eta Barajuen, Aramaion auzolanak pisua izaten jarraitzen duenaren erakusle

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 24a, 12:00

Auzolanak pisu handia izaten jarraitzen du Aramaion. Bizilagunen artean auzorako beharrezkoak diren eta musu truk egiten diren mantenu eta txukuntze lanek ondo funtzionatzen dute hainbat auzotan; orain, Barajuen eta Azkoaga dira horren adibide. Bi auzo horietan parte-hartze altua izan dute azken deialdiek. Gainera, bi auzoetako alkateek esan digutenez, adin guztietako jendea aritu da lanean. Filosofia horri eutsi egin behar zaiola uste dute Antonio Elejaldek eta Jon Arriaranek.

Azkoagan kanposantuko kapera zena eraberritzen dihardute. Lehenago teilatua konpondu zuten eta azken asteetan zutabeak eraberritu dituzte. Antonio Elejalde auzo alkateak esan digunez, ez dute lanerako gertu dagoen jende faltarik: "Egin beharreko lanaren eta dugun materialaren arabera egiten dugu deialdia".

Lanak ez dituzte amaitu oraindik: "Beste saio bat edo bi egin beharko ditugu, kaperako hormak margotu eta kanposantuaren maila berdintzeko lurra ekarri eta zabaltzeko. Horretarako, adibidez, lagun gehiago elkartuko gara".

Barajuenen, txukuntze-lanak

Barajuenen saio bakarra egin dute aurten; hilaren 15ean 18 lagun elkartu ziren: "Jendearen erantzuna oso ona izan zen. Garrantzitsuena auzolanaren atzean dagoen filosofia da. Horri eutsi egin behar diogu", esan digu Jon Arriaran alkateak. Bazterrak garbitu, eserlekuak margotu... hainbat lan egin zituzten.

Aurrerago elizatik elkartera arteko zatian porlana botako dute; Udalarekin adostu dute lan hori egitea, baina adituen laguntza beharko dute.

Lanean gogor aritu ostean hamaiketakoa egitea da ohitura. Jatekoa eta edatekoa Udalak ordaintzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak