Denetariko ekintzak San Martin eskolaren ikasturte amaierako jaian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ekainaren 19a

Joan den zapatuan giro ederrean ospatu zuten ikasturte amaiera San Martin eskolan. Ikasle, irakasle zein gurasoek denetariko ekintzak egin zituzten ikasturtea amaitzera doala ospatzeko: tailer ezberdinak, patata-tortila lehiaketa, bingo berezia, afaria, erromeria... Ez zen aspertzeko astirik izan.

16:00etan egin zuten pregoia eta 6. mailako ikasleak arduratu ziren ongi etorria egiteaz. Ondoren tailerrak egin zituzten: kartoizko karpetak egin, aurpegia margotu, limonada fresko-freskoa prestatu, patioan horma-irudia egin –aurten eskolako hiru horma margotu dituzte–, hankapaloak prestatu eta zirkuituan ibili eta oreka sokaz ibili, besteak beste. Tailerrak egiten ari ziren bitartean bost gurasok patata-tortilla lehiaketa egin zuten eta horren ostean bingo berezia egin zuten, hainbat oparirekin. Gero, urteroko karaokea egin zuten.

Afarian, 100 lagun inguru

Ekintza horiekin guztiekin arratsalde pasa ederra egin ostean, 100 lagun inguru elkartu ziren afaltzeko. Familia bakoitzak etxetik eramandako jakiekin eskolako jangelan bapo afaldu zuten. Edaria –sagar-zukua, sagardoa eta ardoa–, ogia eta kafea guraso elkarteak jarri zuen. Eguna borobiltzeko erromeria izan zuten DJ-Al musika adituarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak